Busturialdea, maila mantentzeko itxaropenagaz
KAE ligako igoera eta jaitsiera kanporaketetan hirugarren sailkatu da Busturialdea, eta, orain, TKE Ligako emaitzei itxaron behar die. Azken hilabetean estropada onak egin dituztela eta orain itxarotea besterik ez zaiela geratzen diote taldearen ordezkariek.
Asteburuan lehiatu dira KAE ligako play offeko estropadak, eta Busturialdea hirugarren sailkatu da.
Elantxobeko eta Mundakako arraun elkarteak osatutako taldea iazko denboraldian igo zen zen KAE 2 mailatik KAE 1era, eta asteburuko emaitza eskuan izanik KAE2 mailan lehiatuko luke datorren denboraldian, baina oraindik itxaropenari eutsi ahal diote. Taldearen arduradunek jakinarazi digutenez zapatuan “estropada eskasa” egin zuten, baina atzo ondo lehiatu ziren: “Lehenengo luzea ondo joan zen, bigarrena ere, baina gero beherantz egin genuen. Aurkariak hobeak izan ziren”. Hortaz, hirugarren postua eskuan izanda, itxarotea besterik ez du eskualdeko taldeak, irailaren 17 eta 18ko TKE Ligako playoffetan zer gertatuko zain geratuko dira: “Azken hilabetean estropada onak egin ditugu, baina ez dugu lortu mailari eustea, orain itxarotea besterik ez dugu, ACT ligako playoffetan gertatzen denaren araberakoa izango da gure etorkizuna, eta datorrena hartuko dugu”.
“Azken hilabetean estropada onak egin ditugu, baina ez dugu lortu mailari eustea, orain itxarotea besterik ez dugu”
Zapatuan [abuztuak 27] , kantauriar uretan lehiatu zen lehenengo estropada, Colindresen, hain zuzen ere. 17:30ak emanaz batera, Mutriku, Busturialdea, Donostiarra eta Camargo Cueva el Pendo taldeak prest zeuden lehia abiatzeko. Lehenengo unetik donostiarrek nagusitasuna erakutsi zuten, ziabogara sartzen lehenak izanik, baina Camargo taldea ez zen atzean geratu, segundo eskas bateko aldeagaz lehia bizian aritu ziren. Hamar segundoko aldeagaz sartu ziren, berriz, Busturialdea eta Mutriku. Azkenik, estropada osoan indarrak mantenduz Donostiarra izan zen lehena sailkatzen, 20 minutu 53 segundo eta 81 ehuneneko denboragaz. Camargo 9 segundora ailegatu zen. Busturialdekoak izan ziren hirugarrenak, 21 minutu 13 segundo eta 53 ehuneneko osatuaz, segundo batera, berriz Mutrikuarrak helmugaratu ziren.
Lehenengo estropada burututa eta hamazazpi segundoko aldeagaz lehen sailkatutik azkenengora, baina oraindik txartela erabaki gabe zegoen. Domekan [abuztuak 28], bigarren aukera bat zuten Erandion. Sendo atera ziren lau taldeak, Busturialdeak bigarren postua eskuratu zuen hasieratik. Lehenengo ziabogara Busturialdea eta Donostiarra batera heldu ziren, bi segundora mutrikuarrak helduaz. Lehia bizi-bizirik zegoen, baina bigarren ziaboga orduko donostiarrak nagusitasuna erakutsiz estropadaren buru ziren jada. 20:48:,48ko denboragaz, merezitako garaipena eskuratu eta KAE1 ligara igotzeko txartela eskuratu zuten gipuzkoarrek.
Donostiarra taldearen atzetik Camargo izan zen bigarrena helmugaratzen, Busturialdea eta Mutriku taldeek jarraitu zioten. Hortaz, sailkapenak eskuan izanik, datorren denboraldian Mutriku taldeak KAE2 ligan lehiatzen jarraituko du, Busturialdea taldeagaz batera, honek maila galduaz. Donostiarrak, berriz, mailatik igotzea lortu, eta KAE1 ligan lehiatuko du, Camargo taldeagaz batera.