Bermeo Urdaibaik lider jarraitzen du
Areseko bandera irabazi du talde bermeotarrak asteburuan, denboraldiko seigarrena. Galiziako estropadetan ez da aldaketarik egon sailkapen nagusian, bermeotarrek hiru puntuko abantaila mantentzen dute.
Asteburu erabakigarria zen Eusko Label ligan, sailkapeneko beheko postuetan batez ere. Zapatuan [abuztuak 27] etxean jokatzen zuen Aresek ia ezinezko zuen maila mantentzea eta jaitsierako kanporaketak lehiatu beharko zuen ontzia argitu behar zen. Bi ziren hautagai nagusiak, Santurtzi eta Lekittarra, lau puntuko abantaila zituen Soterak Isuntzarekiko. Goialdean Urdaibai eta Hondarribiaren arteko enegarren norgehiagoka zegoen jokoan.
Lehen txanda besterik ez zen falta izan argi uzteko sailkapen nagusiko behealdea. Aresek etxeko estropadan esan zion agur Eusko Label ligari. Beste alde batetik, Lekittarraren azkenaurreko postuagaz oso gatz jarri zitzaion kanporaketak saihestea, hurrengo egunean baieztatu zen bezala. Bigarren txandan Cabo nagusitu zen eta albistea izan zen Zierbenaren azken postua, ez bakarrik txandan, baita banderan ere.
Ohorezko txandan zegoen jarrita arreta nagusia. Lehen paladetatik argi geratu zen gaur egun Urdaibai eta Hondarribia direla trainerurik indartsuenak, arin egin zuten ihes, Orio eta Donostiarra atzean utziz. Bermeotarrak uneoro aurretik joan baziren ere, ez zuten hirugarren luzera arte zuloa zabaldu. Zortzi segundoko tartea ireki zuten hirugarren ziabogan baita helmugara arte mantendu ere. 19.44.52 Urdaibaien denbora, zortzi segundora Hondarribia, Orio 17 segundora eta Donostiarra 18ra. Denboraldiko seigarren bandera, Ama Guadalupekoagaz berdinduta.
Biharamunean, Boiroko bandera lainoarengatik egon zen eraginda. 45 minutuko atzerapenagaz hasi zen estropada eta bertan behera geratzeko zorian egon zen. Laino artean onena Hondarribia izan zen, aurreko eguneko kolpea itzuliz, bide beretik gainera. Ama Guadalupekoak aurrea hartu zion Urdaibairi lehen bi luzeetan eta hirugarrenean aldatu zuen erritmoa zulo erabakigarria zabalduz. 19.20.72 berdeen denbora, bigarren Urdaibai 11 segundora, hirugarren Donostiarra 25era eta laugarren Orio 27ra.
Gauzak horrela Galiziako uretara sartu bezala atera dira koroa irabazteko bi hautagai nagusiak. Ez da aldaketarik egon sailkapen nagusian, bermeotarrek hiru puntuko errenta mantentzen dute, 195 puntu Urdaibaik eta 192 Hondarribiak. Hori bai, bi estropada gutxiago falta dira liga amaitzeko, bi besterik ez, Bermeokoa eta Portugaletekoa. Aurretik, berriz, denek arreta guztia Kontxako sailkapen estropadan jarriko dute, eguaztenean [abuztuak 31] 18:00etatik aurrera.