Arrezifeetako lertxuntxoa ikusi dute Urdaibain
Urdaibaiko paduretan inoiz ikusi ez den espeziea da Arrezifeetako lertxuntxoa. Europako hegoaldean, Afrikako mendebalde tropikalean eta Asiako gune batzuetan bizi dela nagusiki. Hain zuzen ere, kostaldeko hezeguneetan edo mangladietan bizi dira.
Urdaibain ezohikoa den hegazti bat bistaratu zuten atzo goizean Urdaibai Bird Centerreko behatokian: Arrezifeetako lertxuntxoa (Egretta gularis). Zentroko adituek azaldu dutenez, Gautegiz Arteagako paduretan inoiz ikusi ez den espeziea da lertxuntxoarena.
“Lertxunen artean hegazti arraro bat ikusi dute zentroko boluntarioek. Bere koloreek lertxun hauskara baten antza zuten, baina bere tamainak lertxuntxo batena. Bird Centerreko teleskopio guztiak hegazti misteriotsuarengana bideratu dira, eta, azkenean, arrezifeetako lertxuntxo gisa identifikatu dute”, azaldu dute hegaztien zentroko arduradunek.
Zehaztu dute arrezifeetako lertxuntxoa Europako hegoaldean, Afrikako mendebalde tropikalean eta Asiako gune batzuetan bizi dela nagusiki. Hain zuzen ere, kostaldeko hezeguneetan edo mangladietan bizi dira, eta zuhaitzetan edo zuhaixketan egiten dute habia. “Sarritan ikus daitezke beste espezie batzuen artean”, diote.
Hegaztiak sakonera gutxiko uretan itxaroten dio bere harrapakinari, gero, korrika eginez, hankekin ura astinduz edota hegalak mugituz harrapakinari traba egiteko. Gelditu ere egiten da, eta zain egoten da bere harrapakinari segada egiteko. Espezie hori, krustazeo eta moluskuez elikatzen da.
Hegazti hori Urdaibaiko paduretan ikustea “benetan harrigarria” izan dela adierazi dute zentroko biologoek, eta azpimarratu dute agerian uzten duela hezeguneen kontserbazioaren garrantzia: “Kontserbazio lan hori ezinezkoa izango litzateke Sergi eta Belen moduko boluntarioen ardurarik barik egin, haien naturarekiko grina gure bisitari guztiei transmititzen baitzaie”.