Urdaibaiko Esentziak aurkitu ahalko dira domekan Mundakan
Bihar, gainera, marmitako txapelketa eta umeentzako talo tailerra egongo dira Mundakan bertan.
Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Mundakako Udalarekin batera, Urdaibaiko Esentziak azoka antolatu du domekarako. Jakitera eman dutenez, hogei erakusmahai baino gehiago batuko dira Talan, 11:00etatik 15:30era. Bertoko produktuen salmentaz gain, dastaketa gastronomikoak, umeentzako tailerrak eta eskualdeko informazio turistikoa ere egongo dira aukeran.
Urdaibaiko ekoizleez gain, inguruko ekoizle gonbidatuek ere parte hartuko dute Urdaibaiko Esentzien azokan. Bertan ortuariak, gaztak, eskualdeko txakolina, ogia, pateak, marmeladak eta kontserbak aurkitu ahalko dira. Gainera, Iturbe Anaiaken euskal okela dastatzeko aukera ere egongo dela zehaztu dute antolatzaileek. Azokan bertan produktuak saltzen egongo diren ekoizleen produktuen dastaketak ere egongo dira:
-
12:30. Urdaibaiko Esentziak Dastaketa eta Maridajea: Bi txakolin, gilda eta gazta.
-
13:15. Urdaibaiko Esentziak Dastaketa eta Maridajea: Bi txakolin, hegaluzea eta patea marmeladarekin.
-
14:00. Urdaibaiko Esentziak Dastaketa eta Maridajea: Bi txakolin, gazta eta tomatea antxoarekin.
Umeentzako jarduerak ere antolatu dituzte. Bihar, esaterako, 17:30ean hasi eta 20:30ak bitartean talo tailerrean parte hartzeko aukera edukiko dute, udaletxeko plazan. Etzirako, ostera, ogi tailerra antolatu dute; frontoian eskainiko da tailerra hiru txandatan (11:30, 12:30 eta 13:30). Izozki tailerra ere frontoian egingo dute, 12:00etan.
Dasteketetan eta umeentzako tailerretan parte hartzeko “tiketak erostea ezinbestekoa” izango dela azaldu dute antolatzaileek, eta azokan bertan kokatuta egongo den informazio puntuan egongo dira salgai.
Urremendiko LGEko kuudeatzaile Aitziber Ansotegiren esanetan, eskualdeko produktuari erakusleiho bat jartzeko “aukera paregabea” da Urdaibaiko Esentziak. Gainera, adin guztietako herritarrek produktuak bertatik bertara dastazeko aukera izango dutela gaineratu du.
Marmitako txapelketa. Mundakarrek, gainera, udalak biharko antolatu duen marmitako txapelketan parte hartzeko aukera edukiko dute. Jakitera eman dutenez, parte hartzaileek 13:00ak aldera aurkeztu beharko dituzte kazolak. Epaimahaiak horiek guztiak dastatu ostean, sariak banatuko dituzte.