San Bartolome jaiak, abuztua agurtzeko
San Bartolome jaiak ospatzen ari dira Errenterian eta Errigoitin. Txirrindulari lasterketak eta V. Estropada lasterketak hartuko dute gaur Errenteria, eta elektrotxarangaz gozatzeko aukera ere egongo da. Busturian martitzenean eta eguaztenean ospatu zituzten jaiak.
San Bartolome jaietan murgilduta daude Errenterian eta Errigoitin, eta astebururako hainbat ekintza antolatu dituzte batean zein bestean. Busturian, berriz, bi eguneko ospakizunak izan dituzte asteon.
Txirrindulari lasterketak eta V. Estropada lasterketak hartuko dute gaur Errenteria, eta elektrotxarangaz gozatzeko aukera ere egongo da. Halaber, familientzako txokoan, puzgarriak egongo dira, Urdaibai Eskola Elkarteak antolatuta.
Bihar, berriz, Aikido Arte Martzialen erakusketak hartuko du Oka ibaiaren ingurua, eta Tortilla txapelketa lehiatuko dute parte hartzaileek; 12:00etan izena eman beharko da. Tortillak prestatu bitartean, Gazteak Txistulari Elkartearen trikipoteoak girotuko du eguerdia.
Arratsaldean, 15:30ean, tradizio bihurtu den V. Laida-Errenteria piragua zeharkaldian elkartuko dira herritarrak bihar. 18:30ak inguruan egingo diete harrera piraguei, eta, ostean, Kukainan parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Jaiak agurtzeko, Basajaun taldeak eskainiko du kontzertua.
Orain arte ere, jai giroan. Errenterian, San Bartolome egunaren bezperan jaurti zuten txupina, mus txapelketa lehiatu ostean, eta giroz bete zen ingurua. Eguaztena izan zen egun handia, eta txistularien dianak girotu zuen goiza. Meza nagusiaren ostean, Erregelak dantzatu zituzten Elai Alai dantza taldekoek, eta ohiko kopauan elkartu ziren gernikarrak.
Gargantuak hartu zituen kaleak gero, eta dantzariek euren erakustaldiagaz jarraitzen zuten bitartean. Dantzen ostean, kantuen txanda iritsi zen. Urdaibai Kantagunekoek denetariko kantuez girotu zuten ingurua, eta giro aparta sortu zuten Errenterian. Arratsaldean, txistorra jan zuten, eta Tukatukada Batukadaren erritmoekin dantzatu zuten. Xaiborrek borobildu zuen festa.
BATBIGU Jai Batzordeak Errigoitiko Udalaren laguntzagaz prestatu ditu jaiak, eta San Bartolome eguneko herri bazkariaren ostean, gaur arratsaldean jarraituko dute jai giroagaz. Parrilada herrikoia egingo dute iluntzean, eta karaokea zein playbacka egongo dira aukeran. Bihar, berriz, umeentzako zirkoagaz hasiko dute arratsaldea, eta zapatu gaua borobiltzeko disko festaren doinupean egingo dute dantza.
Patata tortilla izango da domekako protagonista. Eguerdian plazan prestatu beharko dituzte herritarrek patata tortillak. “Ohiko tortillak” aurkeztu ahalko dira bakarrik txapelketara; arrautza eta patata osagaiekin egindakoak, eta kipula bota ahalko diete gura izanez gero.
Busturian, San Bartolome egunaren bezperan hasi zituzten ospakizunak, izen bereko auzoan. Hala, martitzenean, sardina janagaz hasi zituzten ospakizunak eta Eingogaz dantzan ibili ziren ostean. Eguaztenean, santuaren egunean bertan, jarduera ugari izan zituzten aukeran. Goizean, herriko txistularien kalejira egon zen, eta mezaren ostean, Irrintzi Alai Dantza Taldekoen emanaldia ikustera bertaratu ziren herritar asko. Paella txapelketa ere izan zuten, eta mota guztietako arrozak aurkeztu zituzten txapelketara. Eleder Magoarekin agurtu zituzten jaiak busturiarrek.
EGITARAUA
ERRENTERIA
Gaur.
16:00. Txirrindulari lasterketa.
17:30. Errenteriako V. Estropada lasterketa.
19:00. Familientzako txokoa: Puzgarriak, Urdaibai Eskola Elkarteak antolatuta.
20:30. Orkestra Elektrotxaranga.
Bihar.
12:00. Aikido Arte Martzialen erakusketa.
12:00. Tortilla txapelketa.
13:00. Trikipoteoa, Gazteak Txistulari Elkartearekin.
15:30. V. Laida-Errenteria piragua zeharkaldia.
18:30. Kukaina eta piraguen harrera.
21:00. Basajaun erromeria.
ERRIGOITI
Gaur.
18:00. Umeentzako puzgarriak
20:00. Parrilada herrikoia.
21:30. Karaokea (nahi duenak playback).
Bihar.
17:30. Umeentzako zirkoa.
19:00. Idi probak: Alegria (Bermeo), Kamiñoko Erretegia (Murueta) eta Iñaki Lopategi (Maruri-Jatabe).
Ostean. Afaria Uria tabernan (izen ematea aurretiaz tabernan).
23:00. Disko festa.
Etzi.
12:30. Patata tortilla txapelketarako izen ematea txosnan.
13:00. Bertsolariak: Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo. Ostean, patata tortillen aurkezpena.
18:00. Tute Txapelketa, Uria tabernan.