Pablo Gonzalezek gutxienez beste hiru hilabetez jarraituko du kartzelan
Beste hiru hilabetez luzatu diote espetxe zigorra Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarrari, bigarren aldiz. Errusiaren alde behar egitea leporatzen dio Poloniako fiskaltzak. Gonzalezen familiak eta bere abokatu Gonzalo Boyek ezin izan dute oraindik beragaz berbarik egin.
Pablo Gonzalezek beste hiru hilabetez jarraituko du Przemysleko espetxean. Kazetari elantxobetarra otsailaren 28tik dago behin-behinean preso Poloniako hiri horretan kartzelaratuta, eta Przemysl eskualdeko auzitegiak ebatzi du gutxienez beste hiru hilabetez luzatuko diotela espetxe zigorra. Efe agentziak adierazi duenaren arabera, Gonzalezen Poloniako abokatu Bartosz Rogalak eman du epaiaren luzaketa horren berri.
Errusiako zerbitzu sekretuen alde lan egitea egozten diote Gonzalezi, baina Gonzalo Boye Pablo Gonzalezen abokatuak azaldu du Poloniak haren aurkako frogarik ez duelako luzatu diotela espetxealdia: “Frogaren bat edukiko balukete, horren berri edukiko genuke, eta gaur-gaurkoz hori ez da horrela“. Horrez gain, Boyek argitu du oraindik ez duela Gonzalezegaz berba egiteko aukerarik izan, otsailean atxilotu zutenetik.
Hortaz, epaitegiak Poloniako Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Fiskaltzaren eskaria babestu du. Argudio batzuk eman ditu horretarako: prozesuan “iruzur egin” dezakeelako; ezkutatu egin daitekeelako edota ihes egin dezakeelako.
Hamar urteko espetxealdia. Elantxobeko kazetaria otsailaren 28an atxilotu zuten, Przemyslen, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka armatuak eragindako errefuxiatu krisiaren berri ematen zebilela. Errusiako zerbitzu sekretu militarrarentzat behar egitea leporatzen diote, eta hamar urteko kartzela zigorra ezarri diezaiokete horregatik. Otsailean atxilotu zutenean, hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten; beste hiru hilabetez luzatu zioten zigor hori, maiatzaren amaieran.