Omako baso berriko lehen zertzeladak ikusgai
Agustin Ibarrolaren Omako Basoko multzo artistiko ezagunenak margotzeko prozesua erakutsiko dute astelehenetik irailaren 11ra bitartean egingo diren bisita gidatuek. Omako Basoa lekualdatzeko lehenengo fasean ari dira lanean, eta pintatzeko prozesu hori zuzenean ezagutu ahal izango dute bisitariek. Gaur, Lorea Bilbao Kultura eta Kirol diputatuak, Jose Ibarrola Agustin Ibarrolaren semeak eta Fernando Bazeta EHUko irakasle eta diziplina anitzeko taldearen koordinatzaileak bisitatu dute gunea.
Basora sartu ahal izateko, ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea 94 465 16 57 telefonora deituta. Bi bisita antolatuko dituzte egunero, astelehenetik domekara bitartean, 10:30ean eta 12:30ean.
Bisitan, hainbat multzoren zertzeladak ikus daitezke: Marra horizontala, Musurako gonbidapena, Izpi harrapatua, Harreman konkabo konbexua, Equipo 57 erara, Begiak , A modo de Equipo 57, Ojos, El rayo atrapado, Naielen Ortzadarra edota Gizadiaren martxa.
Proiektuaren sorburuan, Ibarrolaren obra ikertu eta berrirakurtzeko lan sakona egin du Bazetak zuzendutako diziplina anitzeko taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta. Lan horri esker, aurkeztuko den obrak artistaren “jatorrizko” asmoa jasoko du, izan ere, multzo batzuk handitu egingo dira, eta margotutako zuhaitz gehiago izango dira, behinola Ibarrolak egin ezin izan ezin zuen hori eginez. Begiak, Koloretako biribilak, Erritmo inguratzaileak eta Basoko animaliak multzo artistikoei gehitu zaizkie zuhaitz margotuak, artistak jatorrizko diseinuan eman zizkien neurriekin eta ezaugarriekin.
Gainera, dagoeneko galduta zeuden beste hiru multzo berreskuratuko dira: Kordobako meskita, Haritzari omenaldia eta Mehatxu nuklearra. “Multzo horiek 1989. urtean galdu ziren, lurren jabeek orduan egin zuten mozketaren ondorioz”, zehaztu dute.