Jai eguna daukate gaur Baztarren
Umeei zuzendutako jolas eta ikuskizunez betea egon da goiza, eta txokolatea dastatzeko aukera izan dute auzotarren eskutik.
Ez dago Madalen bezperarik, Baztarreko jairik barik. Egun osoko egitaraua prestatu dute gaurko Baztarreko Katuek, eta goiz goizetik hasi dute jai eguna, dunbadagaz.
Goiza, umeei zuzenduteko jardueraz betea izan dute. Baztarrera bertaratutakoek auzotarrek prestatutako txokolatea dastatzeko aukera izan dute, eta bizkotxoak ere eduki dituzte txokolatetan bustitzeko. Hainbat eskulan egiteko aukera eduki dute, baita ere aurpegiak marrazteko. Txotxongiloen saioaren ostean, Bermeoko Motx pailazoa igo da Baztarreko agertokira, eta irri, kantu eta dantzan ibili dira bertan bildutako umeak. Umeentzako diskofestagaz dantzan emango diote amaiera goizerako prestatutako egitarauari.
Musika izango da arratsaldeko protagonista nagusia. Kankinkabara Txistulari Taldearen kalejira lehenengo, eta Kanta kanta lorueko kantuzaleek girotuko dute arratsalde eta iluntzea. 22:00etan, berriz, Etxekalte eta Lukiek taldeak igoko dira agertokira.
Bihar, Madalen Eguna goi-goitik ospatuko dute bermeotarrek. Bermeoko Frantziskotarren komentuko teila bat aukeratu dute Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak berresteko.