Iazko Madalen Eguneko teila ikusgai dago Bermeoko Arrantzaleen Museoan
Iazko teila eta udalbatzak Bermeoko mugak berresteko sinatzen duen akta Arrantzaleen Museoko erakusketa iraunkorreko parte dira gaurtik, "Madalena egunak udalerriarentzat duen garrantzia nabarmentzeko eta udalerriko ondare kultural tradizionala balioan jartzeko".
Gaurtik aurrera, iazko Madalen Eguneko Txindurza baserriko teila eta Bermeoko mugak berresteko akta ikusgai daude Bermeoko Arrantzaleen Museoan; erakusketa iraunkorreko parte izango dira.
Iaz lehenengoz, Madalen Egunean, ez zen Bermeoko ipar ekialdeko mugak berresteko teilarik bota, COVID-19ak sortutako pandemiaren ondorioz –gaixotasunaren transmisioa oso altua zen–. Egoeraren aurrean, udal bozeramaileek, alkateak berak eta kultur zinegotziek aho batez adostu zuten urtero egiten den ekimena ez egitea. Hala ere, sinbolismoz betetako ekitaldi xume bat egin zuten Arrantzaleen museoan, eta udalak Txindurza baserriko teila hartu eta mugak berresteko akta sinatu zuen bertan. Gero, teila eta akta museoari eman zizkion dohaitzan. Gaurtik aurrera, baina, museoko erakusketa iraunkorreko parte izango dira, “Madalen Egunak udalerriarentzat duen garrantzia nabarmentzeko eta herriko ondare kulturala balioan jartzeko”.
Itsasoratu ez zen iazko teila “sinbolismoz” beteta dagoela diote udal ordezkariek. Izan ere, 500 urte bete ziren Juan Sebastian Elkanok lehen mundu bira itsasoz burutu zuenetik. Beragaz, Bermeoko zazpi tripulatzaile joan ziren, eta guztietatik, bik osatu zuten munduko lehen itzulia: Akurio kontramaisuak eta Pedro de Txindarza Txo-ak. Hain zuzen ere, Txindarzaren jaiotetxea zenaren eta oraindik Almike auzoan zutik dagoen Txindurza baserriko teila izan zen uretara botatzea aurreikusita zegoena. Jaurti ez zutenez, museoan ikusi daiteke orain.
Zehaztu dutenez, teia ikusitera doazenei madalen jaien tradizioari buruzko azalpen bat emango diete museoko langileek. Museoko sarrera doakoa izango da 10:00etatik 15:00etara.