Busturialdeko 16 udalerritan funtsezkoak ez diren jardueretarako ur kontsumoa mugatzea gomendatu du BBUPek
Udalei eskatu die euren jarduera eremuan hainbat jarduera hauek debekatzeko. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, gainera, herritarrei gogorarazten die uraren erabilera arrazionala egin behar dutela.
Alerta egoerarako protokoloa aktibatu du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, eskualdea hornitzen duten ibilguek ur-maila baxua dutelako, eta Busturialdeko hamasei udalerriri –joan den urtarrilean sartu ziren partzuergoan– eskatu die neurriak hartzeko eta funtsezkoak ez diren jardueretarako ur kontsumoa mugatzeko; besteak beste, kaleak garbitzean eta antzeko erabileretan ur kontsumoa gutxitzea bilatzen dute.
Hauek dira udalerri horiek: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Gernika-Lumo, Forua, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika eta Sukarrieta. Gutxi gorabehera 45.000 biztanle dituzte, baina udako hilabeteetan kopuru hori “nabarmen” handitzen dela diote partzuergoko ordezkariek. Horregatik eskatu dute neurriak hartzeko.
Gainera, partzuergoak udalei eskatu die euren jarduera eremuan honako jarduera hauek debekatzeko: igerileku pribatuak bete eta horien ura berritzea, lorategiak eta baratzeak ureztatzea, ibilgailuak garbitzea eta gune pribatuak –patioak eta plaak– garbitzea.
Zehaztu dutenez, BBUPek urtearen hasieran eskualdeko hornidura eta saneamenduaren kudeaketa bere gain hartu zuen, eta, harrezkero, hainbat jarduketa egin dituzte eremuko sistemak hobetzeko eta sarean ihesak konpontzeko. Dena den, eremuko “hornidura beharrak eskura dagoena baino handiagoak” direla diote.
Eskualdean historikoki “ur eskasia” egon dela adierazi dute: “Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Hornidurari buruzko Lurralde Jarduketa Planaren arabera, eskasia hori 100 l/s-koa da, beraz, azken hilabeteetan ezinbestez Eskaera Kudeatzeko Programa konplexua abian jarri behar izan da, bilketa berriak aktibatu eta baliabide eskuragarri guztiak babesteko. Hala ere, euri gutxi egin du, eta premiazko neurriak hartu behar dira busturialdeak hornigai modura erabiltzen dituen ibaietako emari ekologikoak arriskuan jarri barik, eta herritarren ur hornidura bermatzeko”.
Herritarrei erantzukizuna eskatu die. Horrez gain, Busturialdeko zein Lea-Artibaiko herritarrei “erantzukizuna eta inplikazioa” eskatu die ur partzuergoak, eremu pribatuan ura arrazionaltasunez erabiltzeko eta funtsezkoak ez diren jardueretan ur kontsumoa murrizteko eskatuz. “Ohiko gomendioak” eman dituzte horretarako, eta, herritarren artean, oro har, “ondo finkatuta” daudela diote; hala nola, dutxa laburrak hartzea, xaboia ematerakoan edo hortz haginak garbitzerakoan txorrota ixtea, etxetresna elektrikoak beteta daudenean erabiltzea eta hodien ihesak konpontzea gomendatu dute.
Horren guztiaren helburua neurri zorrotzagoak ez hartzea dela diote, eta, bide batez, “hornidura aldi baterako eten behar ez izatea”.
Jakinarazi dute Bizkaiko lurralde historikoaren zatirik handiena hornitzen duen Zadorra sistemako urtegiak normaltasun mailan daukan arren –%70etik gorako edukiera du–, ekainean oso tenperatura altuak izan direla eta ez duela euri gehiegirik egin. Horren ondorioz, udan defizitarioak izan ohi diren arroetako batzuk egiturazko eskasia egoeran gelditu direla adierazi dute, hala nola Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeak hornitzen dituztenak. “Oro har, eremu horiek baliabide propioei esker hornitzen dira, eta betidanik egon dira ibaien arro txikien menpe”, azaldu dute. Horiek, urte osoan zehar, “herritarren eskaria berme osoz estaltzen ez dutenez”, ibaietako urarekiko mendekotasuna zuzentzeko hainbat jarduketa ildo martxan jarri ditu partzuergoak: “Jarduketa horiek guztiak elkarren osagarri dira, eta eskaintzaren kudeaketa eta eskaeraren kudeaketa dituzte ardatz.