Omako Basoak 700 zuhaitz baino gehiagotan jasoko ditu Ibarrolak sortutako 33 multzo artistikoak
Uda honetan lehen faseko 14 multzoak margotuko dira, tartean Agustin Ibarrolak sortutako zabalenak eta ezagunenak. Denetara margotuko dituzten 33 multzoetako batzuk osatu egingo dituzte, eta galdutako hiru multzo berreskuratuko dituztela iragarri dute, "Ibarrolaren jatorrizko ideiari eutsiz".
Omako Basoko sormen proiektua aurkeztu dute gaur goizean, eta baso berriak Agustin Ibarrolaren jatorrizko asmoa jasoko duela iragarri dute. Izan ere, Omako Basoan egon diren multzo artistiko guztiak batuko dituzte baso berrian, eta horietako batzuk handituko dituztela adierazi dute. Hain zuzen ere, 700 zuhaitz baino gehiagotan margotutako 33 multzo artistikoz osatutako proiektua da gauzatuko dutena, 1,3 kilometrotako ibilbidea izango duena.
Ibarrolaren lanaren kontzeptuzko akatsak eta izenburu ezegokiak zuzenduko dituzte, eta multzo bakoitza osatzen duten elementuak zehatz definituko dituzte, baita haien esanahia ere. Halaber, margotutako zuhaitz gehiago erantsiko zaizkie zenbait multzo artistikori, “artistak jatorrizko diseinuan eman zizkien neurriekin eta ezaugarrekin”. Halaber, galduta zeuden beste hiru multzo berreskuratuko dituzte: Kordobako meskita, Haritzari omenaldia eta Mehatxu nuklearra. “Multzo horiek 1989an galdu ziren, lurren jabeek orduan egin zituzten mozketen ondorioz”, adierazi dute arduradunek.
Agustin Ibarrolaren obran aditua den Fernando Bazeta EHUko irakasleak eman ditu xehetasunak, Agustin Ibarrolaren seme Jose Ibarrolagaz eta Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako diputatuagaz batera. Hain zuzen ere, foru diputatuak adierazi du Omako Baso berria ez dela “kopia” bat izango, “lekualdaketa bat baizik”.
Azaldu duenez, proiektuaren helburu nagusia Ibarrolaren sorkuntza artistikoari jarraipena ematea da: “Bizkairako proiektu berritzailea da, ilusioz betetakoa, konplexua eta garrantzitsua aldi berean. Arazoa zegoen tokian irtenbide berritzaile bat aurkitu du aldundiak, aditu taldeen aholkuari jarraipena emanez”.
Diputatuak gaineratu du proiektu artistikoaren ikuspegi osoagoa izateaz gain, aukera baliatu dutela hainbat alderditan jarduteko: basoaren iraunkortasuna bermatuko duten kudeaketan, irisgarritasun fisikoan zein konektibitate hobetzean, basoaren hedapenean, bisita gidatuak antolatzean eta eduki berria idaztean, esaterako. “Milaka bisitari hartzeko auekra emango duen espazioan larrialdien kudeatzea ere aztertuko da”, gehitu dute. Horrek guztiak basoa hobeto “bisitatu ahal izatea” ekarriko duela dio Bilbaok: “Segurtasuna, erosotasuna, erakargarritasuna, natura eta arte interbentzio errespetuzkoa”.
Faseka egiteko lana.
Omako Basoa osatzen duten multzo artistikoen lekualdaketaren lehenengo fasea egiten ari dira orain, eta urrian amaitzea aurreikusi dute. Lehen 14 multzoak lekualdatzea espero dute tarte horretan, sarreran egongo diren Musurako gonbidapena eta Erronbo horia, Ibarrolak margotu zuen lehenengo Marra horizontala, eta dagoeneko ikur ezagun bihurtu diren Ortzadarra eta Begiak. Batzuk, gainera, konplexutasun tekniko berezikoak dira, Izpi harrapatua izenekoa, esaterako. Udan honako hauek ere margotuko dira: Ahur/ganbil erlazioa; Equipo 57 erara; Horizontala, diagonala, bertikala; Bertikaltasuna eta bere mugimendua; Gizadiaren martxa; Basoko animaliak; Mehatxu nuklearra eta Maite zaitut. Zuhaitz gehienak lehenengo fase honetan margotuko dituzte.
Bigarren fasea 2023ko maiatzetik irailera bitartean gauzatuko dute. Geratzen diren 19 multzoak lekualdatuko dituzte orduan, 33 multzoko obra osatu arte: Kordobako Meskita; Haritzari omenaldia; Minimal; Izenpea; Motorzaleak; Grekoari omenaldia; Puntillismoa; Sugarra; Koloretako biribilak; Konposizio laranja eta morea; Malevitxi omenaldia; Zirkulua; Marra zurien bihurdura; Dimentsio biko diagonala; Erritmo inguratzaileak; Bihurgunea, kontrabihurgunea; Zirkulu irekiak; Erraldoi gorria eta Uhin zuria.
Margotze prozesuan margo ez kaltegarria erabiltzen ari dira, eta artistak erabili zuen pintura mota bera bilatzeko ahalegina ere egin dute. “Erabilitako teknikari dagokionez, egileak multzoak margotu zituen moduari eutsi zaio: lehenengo, multzo bakoitzerako gune egokienak identifikatu eta perspektiba egokiak bilatu dituzte, eta gero, in situ bozetoak egin dituzte, azkenik, eskuz margozteko”, azaldu du Bazetak.
Adituak adierazi du basoa “zainduago” egogno dela eta “jasangarriagoa” izango dela. Horretarako, jatorrizko landaredia errespetatuko dute eta haren biotipoari eragin diezaioketen lanak saihestuko dira. Aldi berean, zuhaitzen egoera kontrolatuko dute, zuhaitzak banaka monitorizatuz, eta segurtasun sistema bat aktibatuko dute sua itzaltzeko edo larrialdiei erantzuteko.
Bisita gidatuak.
Omako Basoa bisitarientzako zabalduko dute astelehenean, eta egun horretatik aurrera, bisita gidatuak bakarrik egingo dira. Egunean bi bisita antolatuko dituzte, astelehenetik domekara bitartean, 10:30etik 12:30era, irailaren 11ra arte. Bisitak aurrez erreserbatu behar dira 94 465 16 57 telefono zenbakira deituz.
Bisita gidatuetan jada margotuta dauden multzoak ikusi ahalko dira, eta aldi berean, beste multzo artistiko batzuk margotzeko prozeusaren lekuko izango dira.
Bisitariek esperientzia atseginagoa izateko helburuz, atsedengunean atonduko dituztela adierazi dute. “Basoak konektibitatea edukiko du, eta, horrenbestez, bisitariei artistaren erreferentziak edo lanaren testuinguruari buruzko argibideak helarazteko bitartekoak erabilio ahal izango dira”, gehitu dute.