Markatu gabeko apoarmatu legenardun bat aurkitu dute Oruetako paduran
Apoarmatu legenardunaren agerpena "oso garrantzitsua" da: "Duela hiru urtetik hona ez dugu dortoka berririk aurkitu, eta oso garrantzitsua da legenardu markatu gabea aurkitzea; izan ere, populazio batek bideragarria izaten jarrai dezan, kide berriak behar ditu. Beraz, markatu gabeko dortoka itxaropen handia da".
Urtero, garai honetan, Oruetako paduretako dortoka populazioa kontrolatzeko azterketak egin ohi izan dituzte Xabier Buenetxeak eta Jokin Alvarezek. Izan ere, bi espezie autoktono aurki daitezke paduran: apoarmatu legenarduna (Mauremys leprosa) eta apoarmatu europarra (Emys orbicularis). Apoarmatu legenardunaren zazpi ale daude identifikatu eta markatuta, eta apoarmatu europarraren bakarra.
Aste honetan, dortoken jarraipena egiten ari zirela, markatu gabeko apoarmatu legenardun bat aurkitu dute, eta ikerlariek azaldu dutenez, ale horren agerpena “oso garrantzitsua” da: “Duela hiru urtetik hona ez dugu dortoka berririk aurkitu, eta oso garrantzitsua da legenardu markatu gabea aurkitzea; izan ere, populazio batek bideragarria izaten jarrai dezan, kide berriak behar ditu. Beraz, markatu gabeko dortoka itxaropen handia da”.
Legenardunek eta europarrek habitata galtzeko eta espezie inbaditzaileekiko lehia izateko “arriskua” dute. Egoera horri aurre egiteko asmoz, esaterako, ikerlariek 17 dortoka exotiko kendu behar izan zituzten 2017tik 2019ra artean. “Ordutik ez da gehiago aurkitu Oruetan, eta hori ere berri ona da”, aitortu dute.
Azpimarratu dute hezeguneak kontserbatzea “ezinbestekoa” dela espezie autoktonoak babesteko, baita haien populazioen jarraipena egiteko ere: “Apoarmatu legenardunaren populazioko kide berriak Oruetan babesleku seguru bat aurkitzea eta arrakastaz hazteko gai izatea espero dugu”.