Irailaren 24an ospatuko dute Deiadar Mendien Eguna Gorbeian
Martxa 09:30ean abiatuko da Pagomakurretik, eta parte hartzaileek 6 kilometroko igoera egingo dute tontorreraino, han, 12:00etan, adarra jotzeko eta ohitura betetzeko. Aurten, Kurtzearen ondoan adarraren soinua entzun ostean, antolatzaileek jai gune txiki bat jarriko dute Arrabako aterpean.
Kondairak kontatzen duen adarraren soinua entzungo da berriro Gorbeian. Gernikan egiten ziren bileren deialdia iragarten zuen adar hotsa irailaren 24an entzungo da Gorbeian ospatuko den Deiadar Mendien Egunean. Hamazazpigarren edizioa izango da aurtengoa, eta Bizkaiko sabaia izango da ospakizun horren agertokia, aurreko urteetan Deiadar Mendien beste lau gailurretara igo –Ganekogorta, Kolitza, Sollube eta Oiz– eta azken edizio biak pandemiaren ondorioz bertan behera utzi eta gero.
Martxa 09:30ean abiatuko da Pagomakurretik, eta parte hartzaileek 6 kilometroko igoera egingo dute tontorreraino, han, 12:00etan, adarra jotzeko eta ohitura betetzeko. Aurten, Kurtzearen ondoan adarraren soinua entzun ostean, antolatzaileek jai gune txiki bat jarriko dute Arrabako aterpean, eta ez dira faltako musika, dantzak eta igoera egin dutenentzako jan-edana.
Kirol igoerataz arduratuko den Lemoako Ganzabal klubak Balmaseda Mendi Taldeko ordezkariari emango dio lekukoa, ohitura denez, 2023an Kolitzarako igoera antolatuko duen kluba delako. Hori horrela, deiadar mendietara igoteko zikloagaz jarraituko da.
Bizkaiko antzinako tradizioak gogora ekartzeko jardunaldian, egun horretarako apropos egindako adarra erabiltzen da, eta adar hori urtero-urtero eroaten da deiadar tontor batetik bestera.
2004az geroztik. 2004an martxan jarritako tradizioa da hau, lurraldeko bost mendi taldegaz lankidetzan gauzatzen dena: Balmaseda Mendi Taldea (Balmaseda), Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango).
Deiadar Mendien Eguna mendizaleen eta euskal tradizioaren arteko martxa klasikoa bihurtu da. 2019an egindako azken edizioan –2020koak eta 2021koak bertan behera geratu ziren–, ehunka pertsona joan ziren Ganekogorta mendira, iraganean Bizkaiko ordezkariak Gernikako haretxaren inguruan jartzeko egiten diren deialdiak gogoratzeko.
Gernikako bilerak deitzeko egiten ziren deiadarrak jotzeko ohitura misterioz beteta egon da beti. Antonio Truebak idatzitako kondairen arabera, XIV. eta XV. mendeetan Gernikan egiten ziren bileretako deiak horrela egiten ziren, adar hotsez.
Baina gaia argitzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterriko Museoak ikerketa lana egin zuten 2020an. Eta Javier Barrio eta Goio Bañales ikerlarien Bost dei-adarrak jotzea. Bizkaiaren sinbolo ikerketa lanean egiaztatu zuten Galdamesko historialariak foruak etengabeko erasoak jasotzen ari ziren momentu batean berrinterpretatu zuela ekitaldi hori. “Truebaren iritziz, bost deiadar mendien soinuak, bizkaitarrek euren legeekin agintzen jarraitzea ahalbidetzen zuen Bizkaiko Jaunaren eta bizkaitarren arteko itunaren ikurra zen”, biltzen du ikerketak.
Azterlariek diotenez, bost deiadarrak benetan existitu ziren, baina antzinako liburu batzuek Gernikan kokatzen dituzte, XIV. mendean. Hain zuen ere, Juan Nuñez de Balboaren 1342ko koaderno batean jasotako “En la Junta de Garnica, seyendo juntado cavalleros e escuderos/e fijosdalgo de Vizcaya, llamandos a Junta Genera, e tannidas las cinco vozinas” testua da deiadarren tradizioari buruzko lehen erreferentzia.
Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariek adierazi dutenez, adarrak bailaratik gailurrera eroateko tradizioa “egungo garaietara egokitzearen ondorioa da”, eta ohitura eta erakundeak defendatzeko ahalegina.