Frantziskotarren komentuko teila batek berretsiko ditu Bermeoko mugak
Duela 600 urte Frantziskotarrak Izaro uhartera joan ziren eta komentua sortu zuten. Izaroko komentuko teilarik ez badago ere, Frantziskotarren komentuko bat botatzea erabaki dute.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan du aurten Madalen Egunean (uztailak 22) uretarako botako duten teila “berezia” eta “sinbolismoz betea” izango dela. Hain zuzen ere, Bermeoko Frantziskotarren komentuko teila bat aukeratu dute Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak berresteko. Azaldu dutenez, 1422ko otsilaren 27an, Bermeoko Kontzejuak Izaroko lurrak eman zizkion Fray Martin de Arteagari, bertan Frantzikotarren komentu bat sortzeko; “Bermeok jurisdikzio zibila eta judiziala beretzat gorde zituen. Urte horretan Izaron finkatu ziren lehen Frantziskotar Obserbanteak”.
Data eta gertakari “esanguratsua” dela aipatu du Abaroak: “600 urte ez dira urtero betetzen eta Izaro eta bertako komentua esanguraz eta sinbolismoz betetako ondarea dira bermeotarrentzako”. Izaroko komentuko teilarik gordetzen ez bada ere, Frantziskotarren komentuko teilak badaudela esan du, eta horietako bat botako dute. “Bermeon Frantziskotarren komunitateak (Klaustrokideak edo Obserbanteak) presentzia handia izan du, eta herriko bizitzarekin lotura estua eduki dute eta daukate. Horregatik guztiagatik, uste izan dugu Madalen Eguneko tradizioaren testuinguruan, aukera ezin hobea daukagula Izaroko frantziskotarren lekukotzaren 600. urteurrena eta Bermeoko historian hain esanguratsuak izan ziren frantziskotarrak omentzeko”.
Jose Angel Egiguren Frantziskotarra oso eskertuta agertu da eurak gogoan izateagatik; Bermeoko Udalak emandako laguntza eta herritarrek erakutsitako maitasuna eskertu gura izan ditu.
Segurtasun neurriak. Denon segurtasuna bermatze aldera, Bermeoko Udalak Madalen Eguneko itsas jaian parte hartuko duten itsasontziei indarrean dagoen araudiak jasotzen dituen segurtasun neurriak betetzeko eskaera egin die. Gogorarazi dutenez, honako neurriak jasotzen ditu: Itsas jaian ezingo dute parte hartu lau metroko luzera baino gutxiago duten itsasontziek, belaz nabigatzen dutenek, arraunez mugitzen direnek, ezta ere beste era bateko ur gaineko tresnek.
Beste alde batetik, itsasontzietako aforoa betetzeko eskaera egin dute, baita ere Izaro inguruan itsasontzien arteko distantziak errespetatzea.
Portuzarreko ordutegia. Madalen Egunean ezingo da ibilgailurik sartu Portuzarrera 13:00etatik 20:30eara (ibilgailuak atera ahal izango dira ordutegi horretan). 20:30etik 24:00etara, berriz, ezingo da ibilgailurik sartu ezta atera ere.
Jaien ardatza elkarrenganako errespetua dela gogorarazita, Bizkaiko Foru Aldundiaren Zergatik dira emakumeak beldurra pasatzen dutenak etxera bakarrik itzultzean? mezua zabaltzea helburu duen kanpaina Bermeon egongo da da Madalen Egunean bertan, 11:00etatik 20:00etara, Lameran. Gizonak sentsibilizatzeko asmoa daukan kanpaina da aldundiarena.