Bonbardaketari buruzko erakusketa hartu du Gernika-Lumok
Bonbardaketari buruzko argazki bilduma jasotzen duen aire zabaleko erakusketa berria aurkeztu du gaur Gernika-Lumoko Udalak, Merkurio parean. Kultura biztanleen eta bisitarien artean zabaltzea da udal agintariek bilatu gura dutena.
Gernikako kale eta plazak erakusketa galeria bihurtu dira. Bonbardaketari buruzko argazki bilduma jasotzen duen aire zabaleko erakusketa berria aurkeztu du gaur Gernika-Lumoko Udalak, Merkurio parean, ibiltaria izango dena. Diseinu “esklusiboko” eta “izaera bereizgarriko” egitura duen erakusketagaz kultura biztanleen eta bisitarien artean zabaltzea da udal agintariek bilatu gura dutena.
Erakusketaren lehenengo muntaketa El Ferial lorategien inguruan dago, Iparragirre eskulturaren ondoan, eta bonbardaketari buruzko lagin bat batzen du. Instalazioak zortzi euskarri ditu guztira, eta hamasei argazkitan bonbardaketaren ondorengo Gernikaren argazki zaharrak ikus daitezke; hala nola, erre zuten frontoia edo San Juan eliza suntsitu zuen sugarra antzeman daitezke. Argazki guztiak Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentroaren artxibokoak dira, eta Xabier Irujo historialariaren azalpenak dituzte.
Gaurko aurkezopenean Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak gogoratu du udalerria bonbardatu zuen Alemaniako Condor Legioaren asmoa zela udalerria “erabat” suntsitzea: “Udalerriaren %85,22 guztiz deseginda utzi zuten, eta 2.000 hildako baino gehiago eragin zituzten, Eusko Jaurlaritzaren eta orduko alkate Jose Labauriaren adierazpenen arabera”.
Erakusketak gerraren “izua” erakusten duela gehitu du: “Eta erakutsi egiten digu bai belaunaldi berriei, bai gu guztioi, zein egoeratan geratu zen Gernika 1937ko apirilaren 26an”. Gainera, Gorroñok esan du gorrotoari, indarkeriari eta gerrari “ezetz” esan behar zaiola.
Argiztatuta dagoen erakusketa “berritzaileak” 62.799 euroko kostua izan du. Izan ere, zehaztu dutenez, erakusketako panelak hainbat modutan antola daitezke, hainbat espaziotara egokitu daitezkeen askotariko konbinazioak egiteko aukera eskaintzen dutelako. “Euskarriek hanka erregulagarriak dituzte beheko aldean, lurraren mailetara ondo egokitzeko”.
Testigantzak.
Erakusketaren gaurko aurkezpenean, udalerriko agintariez gain, Mari Carmen Agirre eta Kruzita Etxabe bonbardaketatik bizirik atera ziren lekukoak ere egon dira. Hunkituta agertu dira erakusketaren aurkezpenean, eta duela 85 urteko apirilaren 26an bizitakoak gogoratu dituzte.
“Erakusketan ageri diren argazkiak bertatik bertara ikusi genituen guk. Hondatutako eraikin horiek guztiak zutik ikusi genituen, baita bonbardaketaren ostean ere”, adierazi dute Agirrek eta Etxabek. Zazpi eta sei urte zituzten Condor Legioak Gernika bonbardatu zuenean, eta erakusketarekin gazteek gertatutakoa gogoratzea espero dute: “Gertatutakoak herritarrei gogoraraztea garrantzitsua da, jakiteko eurek ere zer gertatu zen eta zelan bizi izan ginen”.
“Denok dakigu Gernika bonbardatu zutela duela 85 urte, baina orduko argazki zahar guztiak ez dauzkagu ikusita, eta ez dakigu zehatz zelan geratu zen guztia”, aitortu du Gorroñok, eta bildumak horretarako balio izatea espero du.
Amaia Garcia Turismo Bulegoko arduradunak aukeratu ditu argazkiak, eta batzuk argitaratu gabekoak direla aitortu du: “Gernikako Bonbardaketako Dokumentazio Zentroko argazkiak dira, eta esanguratsuenak aukeratu ditugu. Batzuk askotan ikusitakoak dira, baina beste batzuk ez. Abereen erreskate bat ikus daiteke, orain arte ikusi gabekoa”.
Erakusketan, gainera, Gernika hiru egunez sutan egon zela azaldu dute, baita zein zaila izan zen jendea bizirik ateratzea ere. Garai hartako arropak ere ikus daitezke.
Alkateak zehaztu du erakusketa hiru hilabetez egongo dela ikusgai, eta urriaren erdialdean gorde egingo dutela egitura, gerora beste erakusketa batzuk prestatzeko.