27 artistaren lanak ikusgai, Gernikarte 2022 erakusketan
'Gernikarte 2022' uztailaren 15etik irailaren 15era bisitatu daiteke, Gernika-Lumoko Kultur Etxean.
Pintura, eskultura, ehun-diseinua eta argazkia. Horiek guztiak batzen ditu Gernikarte 2022 erakusketak, Gernika-Lumoko Kultur Etxeko erakusketa aretoan.
Urdaibaiko 27 artistaren lanak daude, besteren artean, Luis Iriondo, Jose Antonio Urigüen eta Juanjo Aretxaderreta margolari beterano eta ospetsuen–Iriondo eta Urigüen dira Arteskolaren sortzaileak– zein Maitane Azurmendi, Danel Garai eta Jokin Abaitua sortzaile gazteagoen obrak apaintzen dute erakusketa-gela.
“Aurten ere erakusketa kalera atera, eta modu digitalean egin da, artea herritar guztien eskura jartzeko asmoz. Kartelaren irudi nagusia QR lotura bat da, eta horren bidez erakusketaren edukia ikusi ahal izango duzu, baita hura osatzen duten pinturak, argazkiak eta eskulturak ere”, azaldu dute arduradunek.
Barikuan [uztailak 15] zabaldu zuten erakusketa eta irailaren 15era bitartean bisitatu daiteke. Hain zuzen ere, erakusketaren inaugurazioan batu ziren zenbait sortzaile. Cristina Arana Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendariak esan zuenez, beste giro batean elkar ezagutzeko aukera “oso ona” izan zen: “Maiatza eta ekainean zehar bilera batzuk egin ditugu gure artean, hausnarketa bilerak izan dira. Oso interesgarriak izan dira. Zuetako batzuk parte hartu duzue, eta zuek zein asmo, zein interes daukazuen jakin gura izan dugu, eta baita egiten duguna zelan ikusten duzuen ere. Besteak beste, bilera horietan agertu zen zuon artean ez daukazuela harreman handirik, ez zaretela elkar ezagutzen. Orduan, guretzat oso interesgarria zen hori ere bultzatzea”.
Zehaztu zuen erakusketaren 40. edizioa dela honakoa, eta “beraz, Gernikarte ere badela tradizioa daukan” erakusketa bat, eta espero dute horrela jarraitzea “urte askotan”.
Arduradunen berbetan, besteak beste, sortzaile gazteek “artea ulertzeko modu berriak” eskaintzen dituzte teknologia berriekin, eta besteak beste, Lide Kalzadak “emakumeek artean eta gizartean daukaten papera” gogorarazten dio ikusleari.