Ilusioz beteta datoz Madalen jaiak
Heltzear daude Busturialdean horren garrantzitsuak diren Madalen jaiak. Bermeon, Mundakan eta Elantxoben Erdi Arotik datorren tradizioa ospatuko dute, eta Albizen ere ez da jairik faltako.
Tradizioa, historia, itsasoa eta herritarren jai gogoa. Guztiak batzen ditu Madalen Egunak, eta bi urtez horiek guztiak uztartu ezin izan eta gero, marea urdinak hartuko ditu Bermeo, Mundaka eta Elantxobe.
Madalen Eguna Kankinkabara Txistulari Taldearen doinuekin hasiko dute bermeotarrek, eta Santa Eufemia elizan meza entzun ostean, itsasorantz abiatuko dira herritarrak. Itsasontzietan igo, eta uhartean ikurrina eta Bermeoko bandera altxatu ostean, Izaro osteko urpean beste teila bat hondoratuko dute, beste urte batez gogoratzeko bertaraino zabaltzen direla Bermeoko mugak.
Uhartearen ipar ekialderantz dauden mugak Bermeorenak direla aldarrikatzeko, Aritz Abaroa Bermeoko alkateak jaurtiko du teila: “Ilusioz berreskuratzen dugu tradizioa. Kaleko giroa berreskuratzera gatoz, eta hori guztia bermeotarrentzako testuinguru hunkigarri batean. Ehunka urte dituen tradizio hau berriro bere osotasunean berreskuratuko dugu”.
Pandemiak arlo askotan markatu du historia, baita Madalen jaietan ere. “Zelan edo halan tradizioa egokitu behar izan dugu, eta erakutsi dugu egokitzeko gaitasuna izan dugula, baina, orain, 2019an bizi izan nuen hori berriro bizitzeko aukera izango dut, kaleko berotasunagaz”, aitortu du Bermeoko alkateak.
Madalen jaiak ikuspuntu desberdinetatik ezagutu ditu Abaroak: bermeotar modura, zinegotzi legez edo alkate karguan. Eta adierazi du «ohore bat» dela teila jaurtitzea eta bermeotar guztiak ordezkatzea Erdi Arotik gaur egunera arte mantendu den tradizioan. “Kristoren erantzukizuna da, hunkigarria eta urduritasunez betetakoa”, dio.
Gainera, jaiak Bermeo, Mundaka eta Elantxoberen arteko “harreman polita” nabarmentzen duela dio: “Jai oso solemnea da. Errespetu handikoa da, izan ere, balioan jartzen du herrien arteko lankidetza eta giro ona”.
Abaroaren berbak berretsi ditu Elantxobeko alkate Patxi Egurrolak: “Gauza askok banatzen gaituzte, baina holako jaiek elkartu egiten gaituzte. Herriak batzeko jaiak dira madalenak, egin egin behar direnak”.
Teila jaurtita, Elantxobe izango da hurrengo helmuga, eta Egurrola arduratuko da herriko makila Abaroari emateaz. Beretzat ere “ohorea” da urteetako tradizioari jarraipena ematea, eta 2019ko jaiaren gomuta “berezia” daukala aitortu du, orduko hartan aita zuelako ondoan.
Tradizio “garrantzitsua” da elantxobetarrentzat, eta “pozik” dago hori berreskuratzeaz, baina “ardura handia” daukala ere onartu du: “Bertaratzen direnei gozatzeko gonbita egiten diet, baita zuhur, errespetuz eta arduraz jokatzekoa ere”.
Hala, 2019ko segurtasun neurri berberak hartu dituztela adierazi du: bideak moztuko dituzte Ibarrangelun, eta Elantxobera autoz pasatzeko paseak beharko dira. Ez da inolako arazorik egongo oinez eta ontzian pasatzeko.
Albizen ere, jai
Mendatako Albiz auzoan ere, madalenak ospatuko dituzte. Mus txapelketa eta txitxiburduntzian batuko dira barikuan, eta jan-edana eta gerorako, erromeria edukiko dute.
Herri bazkaria egingo dute zapatuan, eta bazkarian egon gura duenak izena eman beharko du udaletxean edo Artape tabernan. Jan ostean, briska txapelketa izango dute aukeran.