Aurre akordioa Bizkaiko Garbiketa hitzarmenean
Gaur [uztailak 15] patronalarekin izandako bileran Bizkaiko Garbiketaren sektoreko aurre hitzarmena sinatu dute UGT, CCOO eta LAB sindikatuek.
Bizkaiko eraikin eta lokalen Garbiketa Hitzarmenerako aurre akordioa lortu da gaur goizean patronalarekin egindako bileran. LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, aurre akordioaren ardatz nagusiak bi izan dira: “Hitzarmenaren indarraldirako (2021-2024) %13ko igoera jasotzea, eta 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea, hamabost ordainsaritan. Gainera, KPIen ehuneko batuketak emaitza handiagoa emango balu, soldatek % 2ko igoera osagarria izango lukete. Horrez gain, batzorde espezifiko bat sortuko da bakanteen kobertura arautzeko helburuz, lanaldi partzialak luzatzeko aukera eskainiko duena”.
Bestalde, ELA sindikatutik adierazi dutenez: “Ez gatoz bat sinaturiko aurre akordioarekin. Akordio horren bidez, langileen kolektiboa kondenatu besterik ez da egiten, orain arteko prekarietatearekin jarraitzera”. Aipatu dutenez hitzarmenak ez ditu bermatzen azken bi urteetan KPIen mailak, hortaz, 12.000 langileri eragiten dion kolektiboak erosteko ahalmen galera handia suposatuko du. “Sinatutako akordioak ez du inolako neurririk aurreikusten sektorean dagoen partzialtasuna hobetzeko, eta ez du jasotzen soldata arrakalarekin amaitzeko erreferentziarik ere”.
Sindikatu biek erreferentzia egin diote langileek azken hilabeteetan egindako borrokari. ELA sindikatutik aipatu dutenez, “zoriondu egin nahi ditugu hamar greba egun egitea erabaki duten langileak. Era berean, hitzarmenen alde borrokatu duten eta borrokatzen ari diren guztiei, borrokatuz sektorearentzat benetan duinak diren edukiak lor daitezkeela erakutsi baitute”.
LAB sindikatuak, berriz: “Grebarik egin gabe 30 urte zeramatzan kolektiboa lehen lerroan kokatu da azken hilabetetan egindako ekintza eta protestak bide, horrela “patronalak mugitzera behartuz. Antolatzeko eta beren baldintzen alde borrokatzeko hautua egin zuten zor edo lor”.
Gaurko bileraren ondoren LAB sindikatuak bere oinarrietara eramango du aurre akordioaren edukia, eta horiek bermatuz gero, hurrengo bileran sinatuko lukete hitzarmena.