"Neure buruari ezartzen diodana da sentitzen dudan presio bakarra"
Alluitz de Bilbaok etorkizun distiratsuko korrikalaria dela frogatu du aurten krosean, trailean eta pistan. Munduko Kopan lehiatu du, Italian, eta 31. postuan amaitu du proba.
Alluitz de Bilbao Ortega kortezubitarra Gernika Atletismo Taldeko partaidea da, eta amaitu berri duen aurtengo denboraldian markak apurtu ditu korrika. Gainera, hainbat alorretan poltsikoratu ditu garaipenak, dominak eta, oro har, lorpenak: krosean, pistan eta trailean.
Zelan amaitu duzu aurtengo denboraldia?
Nekatuta bukatu dut, lasterketa eta entrenamendu askoko denboraldia izan baita. Urriaz geroztik lehiatzen ibili naiz, eta gorputzak zein buruak igarri egin du lan karga hori. Denboraldi amaierara arte emaitza onak eskuratu ditut, baina entrenamenduak gogorragoak egin zaizkit, ez dudalako denboraldi hasierako freskotasunik.
Aurten eskuratutako lorpenekin, presiorik igarri duzu?
Neure buruari ezartzen diodana da sentitzen dudan presio bakarra, eguneroko lana ahalik eta hoberen egiten saiatzen bainaiz. Ingurukoek, ostera, animatu besterik ez naute egiten; oro har, ez dut presiorik nabaritzen.
Zelan entrenatzen duzu?
Denetariko lanak egiten ditut: Gimnasioko indar ariketak, 200-300 metroko abiadak, korrikaldi luzeagoak eta abar. Oro har, pistak, krosak eta mendiak eskatzen dituzten ezaugarri denak lantzea gakoa da prestakuntzan.
1.000 metroko Euskadiko Txapelketa irabazi zenuen iaz. Inflexio puntua izan zen?
Bai. Etxeratze osteko sasoia zen eta, entrenamenduetan bizkor ibili arren, ez nuen lortzen maila hori lasterketetan islatzea. Egun batean, nire entrenatzaile Ibon Bilbaogaz froga bat egin nuen, eta kilometroa 3:20ra egin nuen, horretarako prestaketa espezifiko barik. Lehenengo, Bizkaiko txapelketan nagusitu nintzen, baina inondik inora ere ez nuen uste Euskadikoan gailentzea lortuko nuenik.
Jarraian, bi hilabete eskas izan zenituen Espainiako Txapelketa prestatzeko.
Traileko proba izan zen, eta bizkor-bizkor prestatu behar izan nuen. Bakarka, hau da, selekzioaz kanpo lehiatzeko, gutxieneko denbora batzuetan sartzea eskatzen zuten, eta gutxieneko horiek entrenatu genituen. Niretzat, edozein postu lortuta ere, Espainiako txapelketa batzuetan egoteko aukera edukitzea jada gauza oso handia da, Euskadikotik Espainiakora dagoen saltoa handiena baita.
Zein da denboraldiko oroitzapenik txarrena?
Getafekoa: martxoan, Espainiako kros txapelketa lehiatu nuen Euskal Selekzioagaz; krosa izanda ere, aldapak zeuden ibilbidean eta gogorregi hasi nintzen. Fisikoki eztanda egin arren, asko ikasi nuen egun hartan.
Aurten traila ezagutu duzu.
Martxoan hasi nintzen trailean lehiatzen, eta izugarri erakarri ninduen.
Baina Munduko Kopan, nazioarteko lasterkari onenen artean, 31. sailkatzea zara Saluzzon.
Mundu Kopako proba bat lehiatu genuen Jone oar-Arteta taldekideak eta biok. Esperientzia ederra izan arren, lasterketa ez nuen guztiz aseta bukatu; izan ere, ibilbidea parke batean zehar zen, ia-ia hiri giroan. Beraz, kros proba bat zirudien, trail proba bat barik. Hiru aldapa zeuden ibilbidean, baina ez ziren batere gogorrak. Beraz, pistatik edota krosetik zetozenak hobeto prestatuta zeuden. Trailerako aldapak eta indarra gogor landu nituen, baina esplosibitatea ez horrenbestez; zirkuitu hark, baina, horretatik eskatzen zuen gehien.
Zeintzuk izango datorren denboraldirako helburuak?
Lehenik eta behin, trail munduan murgiltzen saiatu gura nuke; beste modalitateek baino parte hartzaile gutxiago mugitzen ditu trailak eta, hortaz, aurrean ibiltzea, zelanbait, errazagoa da. Gainera, Espainiako Federaziotik traileko egutegi nazionalean lehiatzeko eskatu didate, 20 urtez azpikoen munduko txapelketara joan ahal izateko. Azaroan izango da, Thailandian. Horixe da helburu nagusia. Zita horretara sasoiko heltzeko, abuztu amaieran hasiko ditut prestakuntzak. Hasieran, zimendu onak eraikiko ditut, eta ostean hasiko naiz entrenamendu espezifikoagoak egiten. Asmoa azaroan neure mailarik onena emateko prest egotea da.
Thailandian zer egin dezakezula esango zenuke?
Lehenengo eta behin, munduko txapelketara sailkatzea eta, batez ere, gozatzen jarraitzea dira helburuak. Hori lortuta, pozarren geratuko nintzateke. Hortik aurrera, ikusi beharko litzateke zenbat parte hartzailek izena ematen duten eta nortzuk diren.
Zelako taldea da Gernika AT?
Umetatik ezagutzen dut taldea. Giro ona dago kideen artean. Gainera, garrantzia ematen diote ikasketei, eta hori niretzat ere zutabe da. Korrikalari profesionala izateagaz amesten badut ere, argi dut arkitektura ikasi gura dudala. Bestalde, norbere erronka pertsonalei ere erreparatzen diete taldean; adibidez, datorren urtean oztopo lasterketa probatu gura nuke pistan, eta ez didate inongo arazorik jarri.