Aldundiak Busturialdeko lau baliabide turistiko seinaleztatzeko laguntzak emango ditu
28.930 euro emango dituzte Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Alde Zaharra eta portua, Matxitxakoko Itsasargia eta Elantxobeko Portua seinaleztatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasun turistiko jasangarriko programa berriaren lehenengo lau diru laguntzak eman ditu. Jakitera eman dutenez, horiek guztiak, Urremendi Landa Garapen Elkarteak eskatu ditu Busturialdeeko baliabide turistikoak seinaleztatzeko proiektuak garatzeko. Hain zuzen ere, 28.930 euro emango dituzte Bermeoko Arrantzalearen Museoa, Alde Zaharra eta portua, Matxitxakoko Itsasargia eta Elantxobeko Portua seinaleztatzeko.
Bermeoko Alde Zaharrera eta portura mendebaldetik, ekialdetik eta hirigunetik sartu gura duten pertsonak gidatuko dituzten seinaleetarako, 9.211,23 euro eman ditu aldundiak; 8.479,28 euro eman ditu, berriz, Matxitxakoko itsasargiko hainbat tokitan seinaleak jartzeko; 8.233,86 euro Elantxobeko arrantza porturako bidea adierazteko hiru kartel beste hainbeste errepidetan jartzeko; eta, Bermeoko hirigunean Arrantzaleen Museoa seinaleztatzeko proiektuak 3.005,93 euro jaso ditu.
Mugikortasun jasangarriko laguntzen programa berria Bilbao Bizkaia Turismo Estrategia 2030rekin lotutakoa da; eskaerak aurkezteko epea datorren uztailaren 28an amaituko dela zehaztu dute. Diru laguntzak, guztira, 400.000 eurokoak dira, eta helburua da baliabide turistikoen seinaleak jartzeko edo hobetzeko proiektuak laguntzea. Honakoak kontuan hartzen dituzte: Bizkaiko toki erakargarrienak lurraldeko bideetan nabarmentzea sarbide jasangarriagoen, intuitiboagoen eta errazagoen bidez; turismo fluxua lurraldean orekatzea lortzeko, jarduera turistikoaren gizarte eta ekonomia onurak eskualde eta udalerri guztietara hedatzeko; eta, baliabide kulturalak, naturalak eta aisialdikoak modu jasangarriagoan eskuratzea, oinez eta bizikletaz edota garraio publikoan mugituta, errepideko garraioak eta beste garraiobide kutsagarriago batzuk erabili beharrean.
Proiektu horrek Foru Erakundeak lurralde osoan zehaztutako 85 baliabide turistikoei lotuta egongo direla aipatu dute. Horietatik, baina, hamar lekuk dute lehentasuna aldundiarentzat: Guggenheim Museoa, Gaztelugatxeko Doniene, Bizkaia Zubia, Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Santa Katalinako Itsasargia, Pozalaguako Koba, Flyscharen Ibilbidea, Gorbeia eta Urkiolako Parke Naturalak, eta Gorobel Mendilerroa/Nerbioi jauzia. Proiektu bakoitzari 25.000 euro emango zaizkio, gehienez. Aldiz, lehentasunezko hamar baliabide horiei 80.000 euro ere emango zaizkie, gehienez.