%3,08 igo dira odol emateak Gernika-Lumon
2021ean Gernika-Lumon odola eman zuten emaile berrien kopurua ere azpimarratzekoa da: 48 emaile berri. Udalerriko 833 bizilagunek eman dute odola, eta horren arabera, 1.000 biztanleko 48,73 odol ematekoa da tasa. Udalerrian kopuruak gora egin du, baina eskualdean bestelakoa izan da joera; izan ere, 2020az alderatuta, 70 odol emate gutxiago zenbatu zituzten iaz.
1.139 odol emategaz, Gernika-Lumoko Foruen plazan odola eman dutenen kopurua igo egin zen iaz. 2020ko datuekin alderatuta, datuak “parekoak” dira, baina 34 odol emate gehiago zenbatu zituzten iaz; hau da, %3,08 igo da kopurua. Udalerriko Odolkideak elkartekoentzako datuak “onak” izan dira: “Mantendu egin da kopurua”.
2020ko martxoan pandemia hasi zenetik, hilabetez hilabete, odol emateen kopuruak goranzko joera izan zuela aitortu zuen Odolkideak elkarteak –1.000 odol emateko langa gainditu zen 2020an–; aurten ere, kopuru horren inguruan mantendu dira odol emateak. “Gernika-Lumon, Foru plazan jartzen den autobusean odola ematen dutenen datuak dira. Autobusa hileroko lehen astelehen bietan etortzen da, eta hiru hilerik behin, lehenengo zapatuan. Guztira, urtean zehar 28 aldiz“, azaldu dute elkartekoek.
Azken urteetako datuei erreparatuta, 2004koak dira udalerriko onenak: 1.438 odol emate. Ordutik, urtez urte jaitsiz joan dira kopuruak, mila odol ematetik behera zenbatuz; 2018an 965 odol emate egon ziren, eta, 2019an, 896. Iaz, baina, 1.105 odol emate zenbatu zituzten, eta joera hori berretsi dute aurten ere: “Datuak urteetan zehar gorabeheratsuak izan diren arren, 2021ean igo egin dira odol emateak. Azken hamar urteetan gorabeherak egon arren, odol emate kopurua beti ibili izan da 1.000tik 1.450erako tarte horretan”.
Datuak mantendu egin dira, baina kontutan hartu behar dela pandemia garaian odola emateko lekuetan egon den banaketa adierazi dute: “Pandemia dela eta, fabrikak zarratuta egon ziren eta Gernikara etorri ziren langileak. Orain, fabriketako odol emaileak euren herrietara bueltatu dira odola ematera. Neurri batean, 2020tik, berezko berbanaketa egon da odola emateko lekuen artean”.
Udalerrian odola eman zuten emaile berrien kopurua ere nabarmentzekoa da: 48 odol emaile berri egon ziren iaz. Emaile berrien datuak jaitsi egin dira 2020tik 2021era, izan ere, 53 odol emaile berri zenbatu zituzten duela bi urte. Iazko emaile berrien artean, 26 gizonezkoak izan ziren eta 22 emakumezkoak. “Odol emaileen berritzea garrantzi handikoa eta ezinbestekoa da emoitzaren iraunkortasunerako, eta, normalean, gazteenak izaten dira emaile berriak”, azaldu dute Odolkideak elkarteko kideek.
1.139 odol emate egon dira Gernikan, baina udalerriko 833 bizilagunek eman dute odola, eta horren arabera, 1.000 biztanleko 48,73 odol ematekoa da tasa. “Orain, Osasunaren Munduko Erakundeak autosufizientziarako egiten duen gomendioa betetzen dugu, izan ere, 1.000 biztanleko 38 odol emate gomendatzen ditu”, arrazoitu dute Odolkideak elkartekoek.
Autosufizientziarako ona den beste datu bat azpimarratu dute elkartekoek: Gernika-Lukoko 18 eta 65 urte arteko 10.270 biztanle badaude, eta horietako 833 emaileak badira, populazioaren %8,11 dira emaileak, eta, beraz, OMEk agindutako 3-5 bitartekoa baino “askoz ere hobeagoa” da udalerriko egoera. “Horiek horrela, autosufizientzia datu bien arabera ondo betatzen dugu gernikarrok beharrizan hori”, azaldu dute.
Emaileen errepikatze tasa 1,87koa izan zen 2021an: “Gure odol emaileak kontzientzia handikoak dira eta ondo eusten diete odol emateari”.
Fabriketako datuei erreparatuz gero, 21 odol emate zenbatu zituzten iaz Maierren, eta 6 Losalen. Barrutialde BHI Institutaren ekimenez, iazko abenduaren 15ean, odola ateratzeko autobusa hurreratu zen ikastetxera, eta zortzi odol emate egon ziren.
Busturialdean, behera.
Gernika-Lumon odol emateen kopuruak gora egin du, baina eskualdean bestelakoa izan da joera. Izan ere, 2020az alderatuta, 70 odol emate gutxiago zenbatu zituzten iaz; 1.838 izan ziren odol emateak 2020an eta 1.768, berriz, iaz. Datuek adierazten dutenaren arabera, 34 odol emate gehiago egon ziren Gernikan, baina 2020an baino lau odol emate gutxiago zenbatu zituzten fabriketan, 89 odol emate gutxiago Bermeon, eta 11 gutxiago Mundakan.
Lea-Artibairi dagokionez, Lekeition, Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Berriatuan egoten da autobusa, eta datuek behera egin dute eskualde horretan ere: 1.197 zenbatu zituzten 2020an eta 1.154 iaz. Izan ere, 47 odol emate gutxiago egon ziren Lekeition, 36 gutxiago Ondarroan. Bestalde, datuek gora egin dute nabarmen Berriatuan: 17 odol emate egon ziren 2020an, baina 50 iaz. Markina-Xemeinen ere gora egin dute odol emateek, zazpi gehiago zenbatu baitituzte.
Bizkaiko datuek eskualdeotakoen joera bera izan dute, izan ere, odol emate kopurua jaitsi egin da apurbat. 38.720 odol emate zenbatu zituzten iaz, 2020an baino %0,79 gutxiago; 1.000 biztanleko 33,66 odol emate egiten direla erakusten du horrek.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako datuek, bestalde, gora egin dute datuek, izan ere, 84.411 odol emate egon ziren, eta %13,17 gorakada suposatu zuen horrek: 1.000 biztanleko 38,13 odol emate egiten direla, alegia.
Eskualdean jarritako autobusetan odola emateaz gain, aferesiaren bidez odola emateko aukera ere badago, eta hala egin dute eskualdeko 17 emailek: Gernika-Lumoko hamarrek, Muruetako eta Busturiako bik eta Muxika, Arratzu eta Munitibarko banak. 36 aferesi odol emate egin zituzten iaz. “Kopuru esanguratsua da. Normalean Galdakanon aferesi bidez odola ematen dutenak odol emaile beteranoak izaten dira, autobusean askotan odola eman dutenak”, diote. Zehaztu dutenez, aferesi bidezko odol emateak odoleko osagai bat edo bat baino gehiago berariaz ematea dakar; hau da, odoleko osagairen baten kopuru handiagoa lortzea ahalbidetzen du, gaixo zehatzentzat. Prozesua apur bat luzeagoa da, eta ekipamendu konplexuagoa behar duenez, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak dituen lurralde egoitzetan egin ohi da. “Gerora begira, plasma ematea gero eta garrnatzitsuagoa izango da, beharrizan sanitarioetarako egokiagoa delako”, gehitu dute.