'Zero zabor uretan' kanpaina ekarri du Mater ontziak Bermeora
Itsasoko zaborren arazoaz kontzientziatzeko eta herritarrak horien prebentzioan inplikatzeko Mater ontzi-museoak uztailean zehar euskal kostaldeko hainbat portutan egingo du geldialdia, eta Bermeon dago egunotan.
Zero zabor uretan kanpainaren laugarren edizioa da aurtengoa, eta Mater ontziko kideek gogoratu dutenez, itsasoko zaborraren % 80 lehorreko hondakinen egungo kudeaketatik dator, baita gizartearen kontzientziazio eta konpromiso faltatik ere.
Hondarribiatik, Getariatik eta Ondarroatik pasatu ostean ailegatu da Mater ontzia Bermeora. Tokian-tokian kontzientziatzeko geldialdia egin duten udalerrietako ikastetxeen eta saltokien laguntza eduki dute aurtengo edizioan: “Aurten portu horietako aktoreak inplikatu eta saritu nahi ditugu”. Bermeon Eleizalde Ikastolan egin dute lanketa, eta bertan egindako marrazki lehiaketaren saria jaso du gaur goizean Julen Avila ikasleak. Maiatza eta ekaina bitartean zenbait sentsibilizazio saio egin zituzten Eleizalde Ikastolan. “Itsasoa eta Mater ontzia nola ikusten zuten marrazteko esan genien. Marrazkiak egin ostean, herrian bozketa egin zuten”. Era berean, merkatariekin Itsas Zaindari lehiaketa egin dute. “Herriko itsas zaindari komertzioa zein zen galdetu genien herritarrei”. Intxare dendak jaso du saria.
Mater ontzi-museoa barikura arte (uztailak 15) bisitatu daiteke. Bermeotik Portugaletera joango dira, gero Bilbotik eta Mutrikutik pasatuko dira, eta Pasaian, etxean amaituko dute kanpaina, uztailaren 24tik 26ra bitartean.
EGUTEGIA:
*UZTAILAK 13, EGUAZTENA
- 11:00-11:30. Sari banaketa.
- 11:00-14:00/17:00-20:00. Erakusketa eta jolasak portuan.
- 12:00-14:00/17:00-20:00. Bisitak ontzi-museora.
*UZTAILAK 14, EGUENA
- 11:00-14:00/17:00-20:00. Erakusketa eta jolasak portuan.
- 11:00-14:00/17:00-19:00. Bisitak ontzi-museora.
- 19:00-20:00. Itsasoko plastikoak biziberritzen tailerra.
*UZTAILAK 15, BARIKUA
- 15:00-18:00. Portugaleteruntz nabigazioa (erreserba eta ordainketarekin). Erreserbak: 619 81 42 25/info@mater.eus