Urdaibaiko eremu arkeologiko nagusiak ezagutzeko bost Ibilbide Arkeologiko
Aurten ere, Ibilbide Historikoak programa jarri du martxan Bizkaiko Foru Aldundiak, eta proposamen horren barruan, Urdaibaiko eremu arkeologiko nagusiak ezagutzeko Ibilbide Arkeologikoak antolatu ditu.
Ibilbide Historikoak programa abiarazi du, aurtengoan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak uztailerako, abuzturako eta irailerako. Eta proposamen kultural horren barruan, Busturialdeko eta Urdaibaiko eremu arkeologiko nagusiak ezagutzeko Ibilbide Arkeologikoak antolatu ditu. Hain zuzen ere, bost bisita gidatu eskainiko dituzte: Arrolako Oppidumeko (Arratzu) aztarnategi arkeologikora; Foruko erromatar herrixkara; Tribisburuko (Bermeo-Busturia) nekropoli erromatarrera; Ereñozarreko gaztelura; eta, Katillotxu estazio megalitikora (Sukarrieta, Busturia, Mundaka).
Ibilbide Arkeologikoekin, Bizkaiko paisaia eta natura inguruneko aztarnategi arkeologiko nagusiak ezagutarazi gura ditu aldundiak. Horretarako, irteera gidatuak prestatu ditu, lurraldeko historiako monumentuak aztertzen eta kontserbatzen lagundu duten aditu profesionalen aholkularitzagaz.
“Ibilbide gidatu eta pertsonalizatuei esker, Bizkaian dauden zenbait baliabide ezagutu ahalko dira, gure lurraldearen historiaren zati handi bat biltzen dituztenak; hala nola, historiaurreko hilobiratze megalitikoak, Burdin Aroko kastroak, Kantauri itsasoaren ekialdean induskatutako erromatar kokagunerik handiena edo Urdaibaiko ikuspegi ederrak dauzkan Erdi Aroko gaztelu baten hondarrak”, adierazi dute programaren bultzatzaileek. Izan ere, kultur eskaintza horregaz natura ingurunearen eta kultura baliabidearen “jasangarritasuna eta begirunea” bermatu gura dituzte. Horregatik, bisita gidatu horiek oinez egingo dira, eta bisitari taldeak txikiak izango dira beti; kasuren batean, tren turistiko bat erabili ahako da.
Aurrez aurreko bisitez gain, bisita birtualak ere eskaintzen ditu programak. Foruko herrixkarako bisita gidatuek, esaterako, bisitaria modu errealean eramango dute iraganera, eta I. mendeko erromatar herrixkaren birsorkuntza ikusi ahal izango dute. Tableta baten bidez, bisitan zehar ikusiko dituzten hondakinek zentzu handiagoa hartuko dute, duela ia 2.000 urte tokia zelakoa zen ikusteko aukera izango baitute. “Berreraikitze birtual bati esker, historia eta kultura ondarea herritarrei are gehiago gerturatuko zaizkie”, azaldu dute arduradunek.
Aurrez aurreko esperientzia eta birtuala bateratzen dituzten bisita horiek Arratzuko Arrolako Oppidumean 2019an abian jarritako bisitei gehitu behar zaizkie. “Bisita horiek ee iraganera eramaten dute bisitaria, Kristo aurreko IV. mendeko aztarnategia birsortuz”, diote. Kasu horretan ere, tableta motako gailu mugikorren bidez, kastroaren jatorria zelakoa zen ikus daiteke. Gainera, egungo kastroko aireko bideoak ikusi ahal izango dituzte bertaratzen direnek, eta garai hartako herritarren etxebizitzetako baten benetako berrerikuntzaren 360 graduko argazkia ikusi ahalko da.
Burdinolen Ibilbideak.
Ibilbide Historikoak programaren baitan, gainera, aurten, Burdinolen Ibilbideak ere eskainiko dituzte, Barbadun Ibaia eta Lea Ibaira bisita gidatuak eginez.
“Bizkaiko historia burdinolari lotuta dago, garai bikainak ekarri zituelako. Erromarren garaian hasi eta gure paisaia modelatu duen historia da”, azaldu dute. Hala, antolatutako bi bisitek Lea eta Barbadun ibaien arroak zeharkatuko dituzte. Zehaztu dutenez, Lea ibaiaren indarra funtsezkoa izan zen jarduera hidrauliko garrantzitsua garatzeko Lea-Artibai eskualdean: “Ubideak historia markatzen du, eta ibilbide honetan, industriaurreko eta industria garaiko burdinola eta ontzigintza jardueraren lekuko izango da bisitaria. Gutxi eraldatutako paisaiak industriaurreko iraganera erraz joateko aukera eskaintzen du”.
Bizkaiko Zin bidearen Ibilbidea (Bilbo, Lezama, Larrabetzu, Morga, Gernika, Bermeo) ere eskainiko da, ohi legez. Bizkaiko Zinpeko Ibilbidea, baina, irailean jarriko du martxan aldundiak, bisita gidatu formatuan. Bi helburu nagusi ditu bisitak, batetik, euskaldunen historia ezagutaraztea, eta, bestetik, Bizkaiko Foruen funtsean barneratzea, “bere mekanismoak ulertzeko”.