Ilargiak argiztatutako iluntze magikoa
1.000 ikus-entzule batu zituen atzo Haziberrik Europako Herrien Parkean. Idoia Azurmendi, Eñaut Elorrieta eta Izaro igo ziren oholtzara, eta iluntze "magikoa" izan zela adierazi dute antolatzaileek.
Idoia Azurmendi, Eñaut Elorrieta eta Izaro batu zituen atzo Haziberri jaialdiak Europako Herrien Parkean. 1.000 ikus-entzulek bete zituzten oholtzaren aurrean zeuden aulki eta artilezko sakuak, eta gau berezi bezain magiko baten parte izan ziren. “Pozik eta hunkituta gaude atzo Europako Herrien Parkean egon zen giroagaz. Uste dugu jendea gustura eta pozik egon zela, eta taldeak ere primeran aritu ziren. Gau magikoa izan zen”, adierazi du Oier Plaza antolatzaileetako batek.
19:45ean entzun ziren lehenengo doinuak, Idoia Azurmendik sortutakoak: Har ditzagun aulki hutsak, ta sor dezagun aulki joko bat, bihurtzeko zuen hutsuneak, bizi indar. Ta zenbat okupatu dezakeen ez dagoen zerbaitek. Hutsune batek irensten gaitu, ekaitzik handiena bailitzan, ta gaur gure txikitik, gure izanetik ta ezinetik, har dezagun atseden aulki hutsetan abestuz eman zion hasiera iluntze magiko bati musikariak. ‘Aulki jokoa’ kantatu zuen, eta entzuleek jarraitu egin zioten.
Zalantzaren lurraldean, oinak elkarlotuta dantzatzera kondenatu zituztenen omenezko kantua ere entzun zen parkean, Eñaut Elorrietagaz batera kantatu zuena, eta ’25. artikulua’ izeneko abesti horrek ere entzuleen babesa jaso zuen, erritmoa gorputzekin jarraitu eta abestera animatu baitziren. Paperezko harresien eta etengabeko guda baten menpe bizi direnei: herri hau denona da esan zieten abeslari eta ikusleek, elkarregaz. Doinu gosoz bete zuen Europako Herrien Parkea, eta Izaro eta Eñaut Elorrieta eskertu zituen eurek emandako babesarengatik: “Ni nahiko berria naiz musikaren industria zoro honetan, eta zorteduna naiz euren babesa izan dudalako hasieratik”. Hori esan eta ezinhobeto amaitu zuen kontzertua, bere aitonaren esaera zaharrak biltzen dituen ‘Viejo refranero’ kantu ezagunagaz.
Eñaut Elorrietaren txanda ailegatu zen gero. Eguzkia sartzear zegoenean hasi zuen kontzertua, eta gernikarraren emanaldiak iraun bitartean hartu zuen ilargiak bere lekua. Adi-adi jarraitu zituzten musikariaren lehen doinuak bertaratu zirenek, eta ‘Itsasoa gara’ abesterakoan txaloz eta ehunka abeslariz bete zen parkea. Kantu hori bera hazten ikusi eta bultzatu diotenei eskaini zien: “Familiari, lagunei, Ken Zazpikoei… eskerrik asko ni hazten laguntzearren”.
Aitortza egin zien, baita ere, euskal musikaren eszenan garrantzitsuak izan diren musikari guztiei: “Hau kate bat bakarrik da, eta, gu, gaur egungo kantebegia gara. Baina bide hau zabaldu diguten guztiei eskerrak eman gura dizkiet”. Horiei guztiei Itoitzen As noites de Radio Lisboa kantua eskaini zien. Nire aitaren etxea eta Deserriko Kontradantza kantuekin ere ikusleak hunkitu zituen Elorrietak.
Bere emanaldia amaitzeko, duela 85 urteko apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zutenean, herrian biziraun zuten horiei eta han bizia galdu zuten horiei guztiei omenaldia egiteko Lauaxetaren Mendigoxaliarena kantua aukeratu zuen: “Dana emon biar yako, maite den askatasunari“.
Maite duenak maite duela maitatzen adieraziz hasi zuen emanaldia Izarok, eta Libre abestia akustikora moldatzea “zaila” izan arren, ezin zuela kantu hori abestu barik utzi onartu zuen. Izan ere, oraindik feminismoan “lan asko” dagoela egiteko adierazi zuen, eta abestiaren erdian zutunik jarri eta dantzatzera ausartu zen, “hori egitea aurreikusita egon ez zen arren”.
Bere amonarentzako kantuagaz amaitu zuen kontzertua, Cancion para Elisa izenekoagaz, eta gauari ukitu berezia eman zion, Azurmendigaz batera abestu baitzuen jaialdiko azken kantua.
Hitzordua.
Bigarren edizio honegaz, Haziberri kultur zita modura finkatzea espero dute antolatzaileek: “Hori da gure helburuetako bat, Haziberri hitzordu modura finkatzea. Iazko lehenengo edizioak proba modura balio izan zuen, baina, aurtengo erantzuna ikusita, hirugarren bat antolatzeko gogoz gaude”. Lehenengo urtekoa edizioa parkea bera frogatzeko ariketa izan zela dio Plazak, eta aurtengoan neurria hartu diotela adierazi du: “Beti hobetu daitezke gauzak, baina, orokorrean, jaialdiak erakutsi du Europako Herrien Parkeak hamaika aukera eskaintzen dituela. Zerbait lortu badugu, espazio horri balio berri bat ematea da”.
Aurton lehenengoz eskaini dute jatekoa, tokiko produktu eta ekoizleez sortutakoa, eta “harrena ona” izan duela adierazi dute: “Harritu egin gaitu jendearen erantzunak. Uste dut lortu dugula ikusaraztea inguruko ekoizleek egiten duten lana, eta produktu propio bat egiteak daukan beharra. Ez genuen espero hain harrera ona izateak”.
Hori horrela, Plazak eskertu egin du jendearen erantzuna, baita lanean aritu diren guztien beharra ere: “Talde handi bat izan gara, jende bolondresa egon da, eta horiek guztiek kristoren lana egin dute; eurek barik ezinezkoa izango litzateke jaialdia aurrera eramatea. Egun baterako muntaia handia da, ematen duena baino lan handiagoa dauka, beraz, gure eskerrik beroena eman gura diegu horiei guztiei. Itzela izan zen egin zuten lana”.