Auzolanean erreka garbitzen
Umetatik hasita ingurumena zaintzeko eta ahalik eta zabor gutxien sortzeko kontzientzia piztea garrantzitsua da, eta umeek ereduak behar dituzte, helduek eredu izan behar dute, ardura denona baita. Hala, umeak eurak ere eredu izan daitezkeela eta badirela erakutsi dute gaur, Ean.
Erreka garbitzeko auzolaren aritu dira goizean. Pauso Txikiak taldearen deialdiari erantzunez, herritar asko batu dira, batik bat udalekuetako umeak. 11:30ak aldera Eako frontoian elkartu ostean sartu dira errekara, eta hondartzarainoko eremuan batu dituzte hondakinak. Eskularruekin errekan topatutakoak jaso, eta poltsetan sartu dituzte, ondoren edukiontzietara botatzeko. Helduen laguntzagaz ibili dira umeak, pozik, eta errekan freskatuta beroari aurre egiten.
Askotariko zabor eta hondakinak batu dituzte, plastiko eta burdin zatiak gehienbat. “Burdin asko topatu ditugu, batzuk tamaina handikoak, hodiak, adibidez. Plastiko zati txikiak ere pila bat topatu ditugu, alga artean asko, eta tanpoiak eta zigarro-puntak ere bai”.