Artolazabal sailburua Muruetako eta Muxikako auzolandegietako gazteekin batu da gaur
Muruetako La Dinamita eta Ibarruriko Maume ingurua berreskuratzen ari dira gazteak auzolandegietan, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso barik.
Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburu Beatriz Artolazabal Muruetan egon da. Hain zuzen ere, Muruetako eta Muxikako auzolandegietan parte hartzen ari diren gazteekin batu da, eta egiten ari diren lanen berri izan du. Bisita Muruetan egin badu ere, Muxikan lanean ari diren gazteak ere gune horretara bertaratu dira. Artolazabalegaz batera, Muruetako auzolandegian egon dira Muruetako alkate Julen Karrion, Muxikako zinegotzi Ion Basterretxea eta Roke Ojanguren, Urremendi Landa Garapen elkarteko lehendakari eta kudeatzaile Ager Lejarreta eta Aitziber Ansotegi, eta Gazteriako zuzendari Agurtzane Llano.
Gazteak, hain zuzen, Muruetako La Dinamita eta Ibarruriko Maume ingurua berreskuratzen ari dira. Muruetan, esaterako, 18 urtetik beherako gazte boluntarioen talde bat ari da lanean uztailaren 18a bitartean. Egun horretatik aurrera eta abuztuaten 1era arte, 18 eta 26 urte bitarteko hainbat herrialdeetako hogei gaztek hartuko dute lekukoa, ingelesa oinarrizko hizkuntza hartuta.
Lehenengoz, 18 urtetik beherako gazte boluntarioen talde bat ari da parte hartzen auzolandegietan. “Garrantzitsuena da hemen ikasten dutela beste toki batzuetako gazteekin harremanak edukitzen, ematen zaizkien zereginetan laguntzen, eta, gainera, aisialdiaz gozatezn dute. Gizarte-zeregin bikain batean lagundu izanaren poza jasotzen dute; kasu honetan ingurunea berreskuratzen ari dira”, adierazi du Artolazabalek. Lan egiteaz gain, boluntarioek jarduera ludikoetan eta kulturaletan parrte hartzen dute; bisitak, kirol jarduerak, mendi ibilbideak…
Jakitera eman dutenez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako eta beste autonomia erkidego batzuetako 200 gaztek baino gehiagok parte hartzen dute udan hainbat euskal udalerritan egiten diren auzolandegietan. Muruetan eta Muxikan ez ezik, Alonsotegin eta Erandion ere auzolandegiak daudela aipatu dute.