Hondarretan sortutako eskulturen handitasuna
Eskultura bitxiak sortzen abila da Andoni Bastarrika azpeitiarra, eta azken uda hauetan ohikoa den bezala, Ekoetxea Urdaibaik gonbidatuta San Antonio hondartzan erakutsiko du bere maisutasuna asteburuan.
Bestelako mundu liluragarriak sortzen ditu Andoni Bastarrika artista azpeitiarrak euskal kostaldeko hondartzetan, eta beste behin, San Antonio hondartzan egingo du geldialdia. Hareaz egindako animalia baten eskultura hipererrealista sortuko du bertan, barikuan (uztailak 15) 12:00etatik 19:00etara bitartean.
Marrazo, zezen, dortoka, txakur, otso, errinozero, pantera, elefante, zaldi… ezaguna da bere fauna zabala, eta oraingoan ere ez du inor epel utziko. Eskultura erraldoi bezain errealistak egiten ditu hondarretan, harrigarriak bezain ederrak.
Familiarteko tailerra
Ekoetxea Urdaibaik gonbidatuta dator Bastarrika oraingoan ere, eta ikusteko ez ezik ikasteko aukera ere eskainiko du. Izan ere, domekan (uztailak 17), 11:00etatik 14:00etara tailerra eskainiko du, doan. Adin mugarik ez dagoenez, familiartean gozatzeko aukera aproposa edukiko dute bertaratzen direnek.
Parte hartzeko aurretiaz izena ematea derrigorrezkoa da 94-687 04 02 telefono zenbakira deituta edo info.urdaibai@ekoetxea.eus helbide elektronikora idatzita.
Bestalde, Bastarrikaren Lur Bizia erakusketa Ekoetxea Urdaibain dago irailaren 11ra arte bitartean.