Hitzaren 2023ko egutegiak osatzeko argazki lehiaketa
Urte amaieran HITZAk kaleratzen dituen bi egutegiak irakurleen argazkiekin osatuko dira. Abuztuaren 31 arte bidali daitezke argazkiak. Nekatur, Euskadiko Landa Ostatuen elkartearen 'Nekabonu Orlegia' jasoko du irabazle nagusiak.
Bigarren urtez jarraian, HITZAren egutegiak janzteko lehiaketa martxan dago. Irakurle fidelen begiek jasotako irudiekin osatuko dira 2023ko Busturialdeko mahaigaineko egutegia eta Lea-Artibai eta Mutrikuko hormako egutegia.
Parte-hartzaileek abuztuaren 31ra arte daukate argazkiak bidaltzeko aukera. Bi eskualdeotako webguneetan dagoen bannerrean KLIK egin eta galdetegia erantzunda bidali behar dira. Horrez gain, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza papereko egunkarian argazki lehiaketaren iragarkian agertzen den QR kodea eskaneatuta ere parte hartu daiteke.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko 33 udalerrietan ateratako argazkiak izan behar dira, eta parte hartzaile bakoitzak argazki bakarra aurkeztu dezake lehiaketara (gutxienez 800 Kb-ko pisua izan beharko dute). Gaia librea da, baina lanak originalak eta beste inon argitaratu gabeak izan beharko dute. Era berean, beste lehiaketaren batean saritu gabeak izan beharko dute.
Profesionalen aukeraketa. Irailean 12 argazki aukeratuko ditu epaimahaiak: Lea-Artibai eta Mutrikuko sei eta Busturialdeko beste sei. Argazkilaritzan adituak diren lau pertsonak osatuko dute epaimahaia: Mari Karmen Morenok [IKU argazkiak –Markina-Xemein–]; Yolanda Eizagirrek [Klik-Klak –Ondarroa–], Beñat Bonillak [Bonilla argazkiak –Gernika-Lumo eta Bermeo–] eta Jose de Castrok [Fotodenda –Gernika-Lumo].
Ostean, argazki gustokoena aukeratu ahalko dute irakurleek. Bozketa horretan nagusitzen dena izango da lehiaketaren irabazle nagusia, eta Nekatur, Euskadiko Landa Ostatuen elkartearen eskutik, bi pertsonentzako bi gaueko egonaldi bat (Nekabonu Orlegia) irabaziko du. Gainera, bere argazkia bi egutegietako azaletan agertuko da.
Bestalde, hautatutako 12 argazkien egileek HITZAKIDE DIGITALAren urteko harpidetza eta 2023. urteko HITZAren egutegiak (hormakoa eta mahai gainekoa) jasoko dituzte.
Hitzak irailaren 14an jakinaraziko ditu irabazleen izenak.