Muruetako La Dinamita eta Ibarruriko Maume ingurua berreskuratzen ari dira dozenaka gazte
Muxikan eta Muruetan Auzolandegiak antolatu dituzte, eta dozenaka gazte ari dira horietan parte hartzen.
Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako, eta Espainiako eta nazioarteko 18 eta 26 urte bitarteko dozenaka gazte Muruetako La Dinamita eta Muxikako Maume ingurua berreskuratzen ari dira Auzolandegietan, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso barik.
Muruetako eta Muxikako Auzolandegiek hainbat jatorritako gazte taldek osatzen dituzte, eta euren borondatez, bi eta lau aste bitartean, gizarte osoarekin zerikusia duen proiektu batean lan egiteko konpromisoa hartu dute, jarduera osagarriekin bat eginda.
Ildo horretan, Muruetako Auzolandegia abuztuaren 1era bitartean garatuko da, bi txandatan, eta La Dinamita izeneko kargategiaren ingurua berreskuratzea izango du helburu. Proiektu zabal da, eta faseka garatuko da. Izan ere, gaur egun dinamitaren kargategi zaharrean dauden instalazioek ondare interesa dute, eta duten balio historiko eta didaktikoagatik kontserbatu gura dituzte.
Zehaztu dutenez, auzolandegi honetan hurrengo lan hauek egingo dituzte gazteek: erriberako ezponden tratamendu puntuala eta higaduraren kontrola –bioingenieritzako prestakuntza praktikoko ikastaro txiki bat egingo da; dagoen landaredia tratatzea eta espezie inbaditzaileak kentzea; legez kanpoko elementuak eta eraikuntzan kentzea eta garbitzea; lehendik dauden zenbait elementu funkatzea eta ondare historikoari balioa ematea.
Bestalde, Muxikako Auzolandegia Ibarruriko Maumen balio soziala eta historikoa berreskuratzera bideratuta dago. Mendeetan zehar, lokalek eta merkatariek erabilitako bideak egon dira han, Muxikako gune desberdinak lotzen zituztenak. “Baina zer gertatu zaie bide historiko horietako batzuei? Non daude?”, galdetu dute arduradunek. Hala, bide zahar horiek berreskuratzera bideratu gura dute proiektua, “gaur egun ere, herri zabal horretako auzoak lotzeko”.
Jakinarazi dutenez, aurten, Maumeko galtzada eta haren ingurua berreskuratzeko lanetan jarriko dute arreta. Hori dela eta, ondarea egokitu eta balioan jarriko da; besteren artean, Olea burdinola, Goikoetxe baserria, San Lorentzo ermita eta inguruko basoak berreskuratuko dituzte. “Alor horretan, arreta berezia jarriko da tokiko eta hurbileko produktuetan, eta landa inguruneari balioa emango zaio”, azaldu dute. Uztailaren 18ra bitartean egingo dira auzolanak, ingelesa oinarri hartuta, Muxikako Auzolandegiak nazioarteko izaera duelako.
Proiektu hau Eusko Jarularitzako Gazteria Zuzendaritzak antolatu du, Urremendi Landa Garapen Elkartearekin elkarlanean. Zehaztu dutenez, proiektu hauek Urremendik partekatzen dituen balio jakin batzuk sustatzeko balio dute, hala nola, “bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte hartzea edo kulturarteko ikaskuntza”.