Hegaluze zaporez bete da Mundaka
Hegaluzearen kultura zabaltzeko hitzorduak hartu du gaur, Mundaka. Lehenengoz antolatu dute Itsasotik Mundakara ekimena, eta balorazio positiboa egin dute Perondo kultur elkarteko antolatzaileek: "Hegaluzeari garrantzia eman gura genion, eta erantzuna ona izan da, pozik gaude".
Kostako herri txikia da Mundaka, itsasoagaz eta hegaluzeagaz lotura estua daukana. Ezbairik barik, hegaluzea da kostaldeko herrietako altxor gastronomiko nagusienetakoa, baita inguruko ekonomiari izugarrizko balioa ematen diona ere. Eta, gaur, produktu hori balioan jartzeko eta Mundakako herriak itsasoagaz eta hegaluzeagaz duen harreman estua aldarrikatzeko eguna izan da.
Lehenengoz antolatu dute Itsasotik Mundakara ekimena, eta balorazio positiboa egin dute Perondo kultur elkarteko antolatzaileek: “Hegaluzea gure bizitzan, gure kulturan, gure gastronomian eta sustraietan egon da eta oraindik presente dago. Hegaluzeari garrantzia eman gura genion, eta erantzuna ona izan da, pozik gaude”.
Halaber, itsasoa errespetatzeko aldarrikapena kaleratzeko ere aprobetxatu dute eguna. “Bi oinarri ditu egunak, hegaluzea balioan jartzea, eta itsasoa errespetatzeko eskatzea. Arraina bera eta arrainak dituen aspektu guztiak balioan jarri gura izan ditugu: arrantza, ekonomia, sustraiak, artisautza… Baina itsasoa errespetatu behar da horretarako. Ze, itsasoa zaindu ezean, ez dago hegaluzerik, ez dago antxoarik, ez dago ezer”, argudiatu du Mikel Larruzeak, antolatzaileetako batek.
Hori dela eta, Kantauri itsasotik euskal portuetara heltzen den hegaluzea izan da gaurko protagonista Mundakan, eta haregaz edo itsasoagaz zerikusia duten hamabi postuk bete dute herriko Tala. Kontserben hiru postu egon dira, txakolinaren bi, hegaluzearen, lanpernaren eta gaztaiaren bana, baita nekazaritza ekologikoarena ere. Horiez gain, arrantzarako tresnen txokoa ere egon da Talan, baita sareginen postua ere; sareak zelan egiten zituzten ikusi ahal izan dute bertaratu direnek.
Jendearen joan-etorria etengabekoa izan da lehenengo ordutik azokan, eta saltzaileak “pozik” agertu dira herritarren erantzunagaz. Goizean ez da jendetzarik egon, baina orduak aurrera egin ahala, jendez bete da ingurua. “Eguraldiak lagundu digu, eta jende asko bertaratu da. Ez genuen espero, ez dugu aurreikuspenik egin gura izan, baina herritarrak animatu dira”.
Hegaluzeren artisau arrantza balioan jartzeko asmoz, azokaz gain, kosta garbiketa, solasaldiak, dastaketak, musika emanaldiak eta hegaluzearen pisaketa izan dira herrian.
Kosta garbiketagaz hasi dute eguna, eta espero zutena baino jende gehiago batu dela bertan adierazi du Larruzeak: “Jende gutxiago bertaratuko zela pentsatzen genuen, baina erantzuna bikaina izan da; jende mordoa bertaratu da hondartza garbitzera”.
Gero, hitzaldien txanda ailegatu da. Iñigo Onaindia AZTIko zientzialariak hegaluzearen markaketari, arrantzari eta biologiari buruz berba egin du, eta Imanol Agirre GAEA elkarteko kideak, bere aldetik, Plastikoa, XX. Mendeko inbasioa hitzaldia eskaini du. “Zaila da zientifiko biren hitzaldiak jendez betetzea, baina herritarrak bertaratu dira, eta pozik gaude erantzunagaz”, azaldu du antolatzaileak.
Agirrek plastikoen beharra aipatu du, baina plastikoaren kontsumo “neurtua eta zaindua” egin behar dela adieraziz. Izan ere, plastikoak itsasoan eragin “zuzena eta nabarmena” duela dio, eta dordoken kasua aipatu du: “Dordokek marmokak jaten dituzte eta plastiko poltsek horien itxura hartzen dute. Hala, dordokak plastiko artean geratzen dira, edota plastiko hori jaten dute. Halako gero eta kasu gehiago ezagutzen ditugu”.
Ozeano Barean dagoen Plastiko Uharteaz ere berba egin du, plastikoaren eraginak lantzerakoan. “Plastikoa gero eta leku gehiagotan aurkitzen dugu, Everest puntan zein ozeano fosetan. Baliteke, etorkizunean, arrainak baino plastiko gehiago egotea ozeanoetan”, adierazi du.
Itsasoko korronteek plastikozko zaborra puntu zehatz batzuetara garraiatzen dute, plastikoen uharteak sortuz. Ozeano Barean dagoena da handiena, 1,8 billioi plastiko hondarrez osatutakoa –masa osoaren % 45 arrantzasareek osatzen dute–, eta Frantziak, Espainiak eta Alemaniak batera okupatzen duten eremua baino handiagoa hartzen duena. “Zazpigarren Kontinente modura ezagutzen dute batzuek, bere tamaina ikaragarria baita”, azaldu du Onaindiak eta beste bost plastikozko uharte gehiago daudela adierazi du.
Halaber, mikroplastikoen ondorioz ere berba egin du, eta datu batzuk eman ditu: kontserba latek 50 urte behar dituzte desagertzeko, plastikozko botilek 450 urte, latek 200 urte eta arrantzarako sareek 600 urte. Horiek mikroplastikoak sortzen dituztela adierazi du, eta azken ikerketen arabera, itsasoko elikagaien % 69 mikroplastikoz kutsatuta dagoela aipatu du bere hitzaldian.
Hegaluzearen eta txakolinaren dastaketak ere egin dituzte frontoian. Antzinako bi lanbideren topaketa izan da, eta 40 lagun inguruk eman dute izena goizeko zein arratsaldeko txandetan: “Dastaketen gehienezko edukiera bete dute”.
Horrez gainera, hegaluzearen pisaketa egin dute, eta arrantza jasangarria bultzatu gura izan dute, kupoak errespetatzeko eskatuz. “Balio batzuk aldarrikatzen dituen arrantza jasangarria bultzatu gura dugu: kupoak eta neurriak errespetatzen dituena. Eta herritarrei zuzeneko pisaketa bat erakutsi gura izan diegu, jendeak jakiteko zelakoa den arrain freskoa eta zelan pisatzen den lonjetara eraman aurretik”, azaldu dute.
Egunari ukitu musikatua emateaz arduratu da Aiama. Bere doinez agurtu dute eguna mundakarrek.