"Eneko etorri izan ez balitz, ez nukeen 'Naizen artean' idatziko"
'Mesedez itxi atea' eta 'Naizen artean' liburuekin Enara eta Eneko ilobei eskainitako "bilobalogia" osatu du bermeotarrak; liburuak ere neba-arrebak direla dio.
Lehenengo Enara ilobari eskainitako Mesedez itxi atea liburuaren ostean, Enekori bigarren ilobari eskainitako Naizen artean liburua dakar oraingoan Joseba Mikel Ugalde idazle bermeotarrak. Datorren astean, gainera, LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAk idazle bermeotarraren liburu berriaren bi ale zozkatuko ditu.
“Bilobalogia” dakarzula diozu.
Bi zatitan osatuta dagoen literatura lan bat bilogia bat dela esaten badugu, bere ardatzean bilobak dituen bilogia bat bilobalogia izendatu dezakegula uste dut. Lehenengoa, hau da, Enarari eskainitakoa, gehiago zuzenduta zegoen aholkuak emateari edota jakin-mina pizteari. Izan ere, uste dut garrantzitsua dela gustatzen zaizun horren aldeko bilaketa egitea, ekinean aritzea. Lehen atal horretan nire ateraldiren bat edo beste ere bazegoen, eta baita ere hitz jokoak. Bigarren hau bizipenez beteta dago. Bihar edo etzi ez banago, aitita istorioak kontatzen ari da ilobei, liburu batean zein bestean. Enekori esaten diot Enarari kontatutakoak beretzat ere badirela, biak dira bienak eta bientzako. Liburuak neba-arrebak dira, Enara eta Eneko diren modura.
Bigarren ilobagaz batera jaio den liburua da Naizen artean. Enarari idatzitako Mesedez itxi atea liburuaren ostean, Enekori ere zer edo zer idazteko beharrizana sentitu zenuen?
Argi dago, berak piztu zidan grina; nik ez nuen aurreikusten izan beste ezer idaztea, aurrekoagaz asetuta geratu nintzen eta. Iloba zetorrela jakin nuenean, baina, alarma piztu zitzaidan. Liburu honek hasiera eta amaiera dauzka markatuta. Biak batera jaioko zirela argi neukan, eta hala izan da. Nire iloba Eneko gure artera etorri ez balitz, ez nukeen inolaz ere liburua idatziko.
Naizen artean esanik, denbora agortzen hasita dagoela esan gura izan dut, eta naizen artean gogoratzen nabil eta egiten nabil.
Oroimenari bere bidea eman gura izan diozu.
Hala da. Kronologia zehatz barik, nire burua bueltaka hasi zen eta hala hasi nintzen idazten, oroimenari bere bidea ematen. Libre utzi diot oroimenari, eta esku zabala izan naiz alde horretatik; zer burura etorri, horri tiraka hasten nintzen. Konfidantza dut nire sormenarengan eta banekien itxura emango ziola gura nuen leloari. Esparru berezietan txertatu ditut ilobari idatzitakoak, beragaz konektatzeko uneak. Semeak, bilobatxoaren generoa eta bere izena jakinarazteko bidali zigun mezua jasotzeagaz batera erabaki nuen forma hori ematea, eta hala jarraitu nuen ilobari esaten, mutila dela, antzerki batean dagoela, itsasontzi batean edo hegazkin batean igo dela, txurruak jan dituela edo COVID-19agatik berrogeialdian dagoela… Azkenean, noski, jaio egin dela. Enekogaz berba egiteko modua da, aurrehistoria bat da. Hasiera batean pentsatu nuen atzekaldean txertatzea, gero, baina, tartekatzea erabaki nuen, idazten ari nintzen gaia amaitu barik bazegoen ere.
Zer esan gura izan duzu izenburuagaz?
Adin batean zaudenean badakizu gauzak maldan behera doazela, eta oroimena ere huts egiten hasten da. Naizen artean esanik, denbora agortzen hasita dagoela esan gura izan dut, eta naizen artean gogoratzen nabil eta egiten nabil. Azalagaz ere irudikatu gura izan dut denbora agortzen ari dela, bonbilla zahar bat dauka, baita ere harezko erloju bat. Orrialdeak ere modu berezian daude izendatuta, atzerakontua da; gutxi gorabehera liburua amaitzeko falta den denbora zehazten du; denbora agortzen doalako. Liburuaren amaiera modu degradatuan ere badago, agortzen ari delako. Dena dago lotuta. Letrak ahultzen doaz, gu ere ahultzen goazelako. Konturatzen zarenean gauzak ahazten ari zaizkizula, txipa aldatzen duzu, zu bazoaz eta besteak datoz atzetik. Pentsamendua aldatu egiten da, eta bizitzaren beste ikuspegi bat hartzen duzu, beste begi eta betaurreko batzuekin zaude. Ahanzturan ez geratzeko, ilobei kontatu gura dizkiet nik bizitakoak. Ez dakit erarik izango dudan amestu dudan moduan, heldutasunean ilobagaz berba egiteko, eta Enekogaz are gutxiago, gaztetxoagoa delako.
Hitz bakar batez, nitasuna ardatz duen literatura izendatzeko modua asmatu dut, nire oroitzapenez betetako liburua baita. Nitasuna da baita ere, hunkitu egiten naizelako.
Azpititular modura jarri duzu liburuan Niteratura. Zer esan gura izan duzu?
Asmatu egin dudan berba bat da, nitaz berba egiten ari naizelako. Hitz bakar batez, nitasuna ardatz duen literatura izendatzeko modua asmatu dut, nire oroitzapenez betetako liburua baita. Nitasuna da baita ere, hunkitu egiten naizelako. Hunkitu egiten naiz, esate baterako, eta liburuan agertzen da nire lagun Anjel Lertxundik sari bat jasotzen duelako, eta sarri egoten naiz beragaz. Poztu askotan egiten gara, baina ni hunkitu ere sarritan egiten naiz.
Formatu aldaketa ere badauka.
Hori gura izan dut, bai. Liburu hau txikiagoa da, iloba txikiagoa ere bada. Oso pozik nago emaitzagaz, barruko zein kanpoko aldeagaz.
Beste zerbaitetan bazabiltza?
Ez nago ezertan. Eta zer edo zer bada, desberdina izan beharko du, ea nondik ematen didan.
Non aurkitu daiteke liburua?
Elkar dabil banaketa lanak egiten, beraz, edozein liburu dendatan; Bermeon Luma liburudendan aurkitu daiteke. Beti egiten dudan modura, lehenengo bide fisikoa emango diot liburuari, eta gero, datorren urtean, Interneten irakurgai jarriko dut. Zoritxarrez, literatura orokorrean ez da jende askok irakurtzen duena, eta euskaraz gutxiago. Urtarrilean edo otsailean, hortaz, www.booktegi.eus webgunean edo nire blogetan (Urertzeren uberan eta Ai gure Bermio) zintzilikatuko ditut.
Orain arte irakurri dutenek zer esan dizute?
Asko gustatu da. Irakurri dutenetako batzuk, gainera, liburuan bertan agertzen dira. Horiek ilusioz irakurtzen dute.