Sankristobalen txanda iritsi da
Busturiarrentzako jai nagusiak dira sankristobalak. Foruan, besteak beste, I. paella txapelketaz gozatuko dute.
San Kristobal Jaien esperoan izan dira Busturialdeko eta Lea-Artibaiko herritar asko eta asko. Itxaronaldi luzearen ostean, asteburu honetan ospatuko dituzte sankristobalak Busturian eta Foruan.
Busturiarrentzako jai nagusiak dira sankristabalak, eta izen bereko auzoan ospatzen dituzte jaiak. Barikutik domekara bitartean gozatu ahal izango dituzte jaietaz, eta Busturiko alkate Aitor Aretxagak aitortu duenez, herrian «giro oso ona» dago, eta jendea «pozarren» nabaritzen duela gaineratu du. «Bi urteren ostean, gogo handia dago berriz ere San Kristobal jaiak ospatzeko. Gazteak, ez hain gazteak eta herriko elkarteak asko inplikatu dira», esan du.
Bariku arratsaldean txupinarekin batera hasiko dituzte jaiak busturiarrek. Pintxopotearekin hasiko dute jai giroa eta kantu kantari ibili ostean, Dj bat eta zaku lasterketa izango dituzte barikuaz gozatzeko.
Barikuan dena ematen dutenek, zapatuan deskantsurako tartea izango dute. Izan ere, iluntzera arte ez da ekitaldirik egongo. 20:00etan Herri Danborradak bueltatuko du jai giroa San Kristobal auzora. Ostean, 22:30ean kontzertuak hasiko dira. Trikitrizio, La Topadora eta Dj Jaikide arduratuko dira gazteak zein hain gazteak ez direnak dantzan jartzeaz.
Jaietako azken eguna txistulariek gidatutako kalejirarekin hasiko dute. 12:30ean mezan batuko dira, eta jarraian Busturiko Irrintzi Alai Dantza Taldeak dantza erakustaldia eskainiko du. Goiza, ohitura duten legez, kotxe apainduen lehiaketarekin bukatuko dute. Arratsaldean txikienek gozatzeko txanda iritsiko da; 17:00etan hasita, umeen parkeaz gozatzeko aukera izango dute, eta Beldur barik guneak tailerra ere izango da ordu berean. Jaiak agurtzeko txokolatada izango dute.
Foruarrek ere sankristobalak ospatuko dituzte San Kristobal auzoan. Zapatuan, lehen aldiz, paella txapelketan elkartuko dira. Txapelketan parte hartu nahi duenak 12:00etan izena eman beharko du. Ondoren, 14:00etan aurkeztu beharko dituzte prestatutakoak, eta jarraian sariak banatuko dituzte. 17:00etan, umeentzako jolasak eta txinbera lehiaketa antolatu ditu Foruko Udalak. Domekari dagokionez, meza nagusia entzuteko aukera izango dute 12:30ean. Mezatik irtetzean Urdaibai Dantza Taldearen ikuskizunaz gozatuko dute bertaratutakoek.
Egitaraua.
Busturia(San Kristobal)
Bihar, barikua.
19:00. Txupinazoa eta pintxopotea. Ukrainiako errefuxiatuen aldeko 100 kilometroko martxa solidarioaren irteera txupinazoarekin batera egingo da.
19:30. Trapu Zaharraren Por hacer un favor antzezlana.
20:30. Kantuz Kantari.
22:00. Dj Jaikide.
02:00. Zaku lasterketa.
Etzi, zapatua.
20:00. Herri danborrada Tximeleta fanfarriagaz.
22:30. Kontzertuak: Trikitrizio, La Topadora eta Dj Jaikide.
Domeka, irailak 10.
11:00. Kalejira txistulariekin.
12:30. Meza. Ostean, Irrintzi Alai Dantza Taldearen dantza erakustaldia eta kotxe apainduen erakusketa.
17:00. Umeen parkea eta Beldur Barik guneak tailerrak.
Ondoren, txokolatada.
Forua
Etzi, zapatua.
12:00. I. paella txapelketarako izen ematea.
14:00. Paellen aurkezpena eta sari banaketa. Ostean, bazkaria.
17:00. Umeen jolasak eta bertaratutako guztientzako txinbera lehiaketa.
Domeka, irailak 10.
12:30. Meza Nagusia. Ostean, Urdaibai Dantza Taldearen erakustaldia.