'Itsasotik Mundakara Hegaluzea' ospatuko da etzi
Zapatu osoan egongo dira ekintzak Mundakan. Inguruko kontserba fabrikek produktuak izango dituzte salgai azokan. Kostaren garbiketagaz hasiko dute eguna.
Ekimenez beteta iritsiko da Mundakara lehen aldiz egingo den Itsasotik Mundakara Hegaluzea ospakizuna. Zapatu guztian hegaluzeagaz eta itsasoagaz zerikusia daukaten ekintzak antolatu dituzte inguruko hainbat erakundek elkarlanean.
Egunez ekitaldi mordoaz gozatzeaz gain, azoka bat ere egongo da Mundakan. Bertan, besteak beste, inguruko kontserba fabrika askotako produktuak egongo dira salgai.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ospakizun eguna antolatzeko arrazoi nagusia da Mundakako herriak itsasoagaz eta hegaluzeagaz bereziki izan duen harreman estua balioan jartzea. “Hegaluzea, gure bizitzan, gure kulturan, gastronomian eta sutraietan egon da eta oraindik presente dago”.
08:00etan izango da eguneko lehen ekitaldia. Mundakako surf taldeak lagunduta, kosta garbiketan jardungo dira Mundakara doazenak. 11:00etan, itsas ingurunearen defentsa eta babesa sustatzen dituen GAEA elkarteko Imanol Agirrek Plastikoa. XX. mendeko inbasioa hitzaldia emango du. Horren ostean, Iñigo Onaindia Aztiko kideak hegaluzearen nondik norakoak azalduko dituen beste hitzaldi bat emango du. Sopak deitutako hitzaldi bategaz amaituko dira goizeko ekimenak. La Lonja de Manuelaren eskutik izango da: olagarro deshidratatua prestatzen duen bitartean egingo du.
13:00etan, dastaketaren txanda iritsiko da. Arrantza eta bere kontserbak Txakolinaren magiarekin lelopean antolatu dute ekimena Serrats kontserberak, Cusumano kontserberak, Urdaibai kontserberak eta Itsasmendi bodegak elkarlanean.
14:30ak eta 17:00ak bitartean, hegaluzearen arrantzaren inguruko bideoak proiektatuko dituzte frontoian. Eta arratsaldean, hitzaldiekin jarraituko dute frontoian. Rober Garai artistak Gyotaku; harrapatu arrainen arima hitzaldia eskainiko du.
Arrantza jardunaldiaren baitan egingo diren jolas ontzien pisaketa egingo da 16:00etan. Ontzirik pisutsuena egiten duenak sari bat jasoko du.
Musika zuzenean. Musikaz gozatzeko aukera ere egongo da zapatu arratsaldean. AIAMA bermeotarrak eskainiko du musika zuzenean. Aiama Amaia Izarzugazaren proiektua da. Nazioartean hainbat festibaletan jotakoa da artista bermeotarra. “Bere talentuaz gozatzeko aukera edukiko dute Mundakara datozenek”, azaldu dute antolakuntzakoek.
19:00etan, dastatzeko aukera egongo da berriro ere. Oraingo honetan, Abangoardia harmonizatuz lelopean, “ardau bitxien” inguruan hitz egingo du Ismael Alvarezek. Endika Etxebarria Alakranako sukaldariak show cooking bat eskainiko du.
Hegaluzea eguneko protagonista izanda, Mundakako tabernetan hegaluzeagaz egindako hainbat pintxo desberdin dastatzeko aukera egongo da.
EGITARAUA
08:00. Kosta garbiketa. Mundakako Surf Taldearen eskutik.
Frontoian:
11:00. GAEA elkarteko Imanol Agirrek Plastikoa XX. mendeko inbasioa hitzaldia emango du.
12:00. Aztiko kide Iñigo Onaindiak Hegaluzea nonik nora: Markaketa, arrantza eta biologia hitzaldia eskainiko du
12:45. La Lonja de Manuelaren eskutik, Olagarro deshidratatua: Sopak.
13:00. Ustartze-dastatzea-Antzinako bi lanbideren topaketa: Arrantza eta bere kontserbak Txakolinaren magiarekin. Serrats kontserberak, Cusumani kontserberak, Urdaibai kontserberak eta Itsasmendi bodegen eskutik.
14:30-17:00. Hegaluzearen arrantzaren bideoak.
17:30. Rober Garairen eskutik, Gyotaku, harrapatu arrainen arima.
19:00. Ustartze-dastatzea- Abangoardia harmonizatuz:
Vinos Singulares Ismael Alvarezegaz eta Endika Etxebarria Alakranako sukaldariagaz show
cooking-a.
Portuan:
16:00. Jolas ontzien arrantza-jardunaldiaren pisaketa. Pisudunenak saria edukiko du.
Talan:
18:00. Musika zuzenean, AIAMA bermeotarraren eskutik.