Itsasoagaz eta zeruagaz lotutako egitaraua, Ean
'Elkano Itsas Herria' egitasmoagaz loturiko jarduerak izango dituzte asteburuan, Ean: barikuan, umeentzako tailerra eta behaketa astronomikoa egingo dituzte; zapatuan, aldiz, ipuin kontalaria eta marrazkilaria egongo dira.
Aurten 500. urteurrena beteko da Juan Sebastian Elkano itsasgizon getariarrak eta bere tripulazioak historiako estreinako mundu bira egin zutenetik eta, gertakizun historiko hori omentze aldera, Elkano Itsas Herria proiektu kulturala ipini dute abian Elkano Fundazioak, Albaolak eta Donostiako Euskal Itsas Museoak. Hainbat eta hainbat ekimen barnebiltzen dituen egitasmoa da, eta horietako batzuk asteburu honetan egingo dituzte, Ean. Izan ere, eatarrek ere ekimen horregaz bat egingo dute, eta barikuan nahiz zapatuan horregaz loturiko kultur eskaintza izango dute bai Aritza alboko pilotalekuan, bai Bedaronan.
Egun biko egitaraua barikuan, hilaren 8an, hasiko da. Aranzadi Zientzia Elkarteko Virginia Garciak tailerra egingo du frontoian, 19:00etatik aurrera. Nork esan du ez hemen ez direla izarrak ikusten? izenpean, herritarrei eta, beren-beregi, haurrei zuzendutako berbaldia eta tailerra eskainiko ditu. Eako Udaleko Kultura zinegotziak, Aitor Okamikak, azaldu duenaren arabera, barikuko hitzaldia “konstelazioen ingurukoa” izango da: “Umeei konstelazioen ingurukoak azalduko dizkie Garciak, aditu handia den heinean; gainera, planisferioak marraztuko dituzte aterkietan eta, oro har, haurrek tarte oso interesgarria eta, era berean, atsegina pasatzeko aukera paregabea izango dute”.
Bariku gauean, 23:00ak aldera, frontoian ikasitakoak praktikara eroateko asmoa dute eatarrek. Izan ere, izarrak zuzenean ikustera joateko asmoa daukate Bedaronako Txantxolara. Hori bai, baldintza meteorologikoen menpe izango da bigarren jarduera hori, Okamikak argitu duenez: “Izarrak ikusi ahal izateko, zerua oskarbi egon beharko da; osterantzean, ekimena bertan behera utzi beharko da”.
Koloreak eta istorioak. Zapatuan aurrera egingo du egitarauak, eta berriro izango da frontoian. 19:00etan hasita, ipuin kontaketa eta marrazketa saioa izango dira. “Batetik, Isabel Agirresarobek Elkanogaz lotutako istorioak kontatuko dizkie umeei eta, bien bitartean, Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariak ilustrazioak egingo ditu tematika horren inguruan”, azaldu du Okamikak. Egitarauko jardueretara animatzeko deialdia luzatu dute udaleko antolatzaileek, doakoak izango baitira eta ez baita izen ematerik egin beharko.
Elkano Itsas Herria egitasmoaren barruan, euskal kostaldean portuz portu ibili zen Juanita Larando izeneko patatxa, eta Ea paretik ere pasatu zen. Asmoa itsasontzia Eako portura sartzea zela argitu du Okamikak, baina kaiaren dimentsioak txikiegiak dira horretarako. Pasaera bera ere gazi-gozoa izan zen: “Patatxa urrun samar pasatu zen, eta herritarrek ia-ia ezin izan zuten ikusi; izan ere, egun hartan itsaso zakar samarra zegoen, eta kostaldetik aldenduago igaro zen”. Juanita Larando patatxa, besteak beste, Elantxoben, Lekeition edota Bermeon izan zen.