Emakumezko baserritarren irudia goraipatuko duen eskultura jarriko dute, Alegria plazan
Irudiak 89.540 euroko kostua izango du eta urrian jartzea espero da. Azoka-esparrura sartzeko ate nagusiaren aurrean egongo da.
Emakume baserritarrei omenaldia egin gura die Gernika-Lumoko Udalak, eta, horretarako, andrazko baserritarren lana aitortuko duen eskultura baten diseinua egiteko eskatu du: Andrazko baserritarra izena izango duena. Eskultura udalerriak landa inguruneko emakumeekin zeukan “zor ordaindu gabea” dela adierazi du Jose Mari Gorroño alkateak, eta, Merkatu plazaren ondoan, Alegria plazan kokatuko dutela adierazi du: +”Baserrietan antzinatik sortzen den kalitatezko generoaz hornitzen gaituzte emakume baserritarrek, eta, beraz, gizarte modura lan gogorra egitera behartuta daude”.
Diseinatutako irudiak Gernikako astelehenetako plazan erakusmahaien atzean egoten diren emakumeen irudia islatuko du. “Salmenta postu baten aurrean erakutsiko du emakumea, bere barazki eta fruta zaku eta saskiekin, balantza eta atsedenerako aulkia barne”, zehaztu du alkateak.
Andrazko baserritarra eskultura brontzezkoa izango da, eta bi metro inguruko altuera eta 1,80 metro inguruko luzera izango du, 1,20ko sakoneragaz. Edu Gordo artistak 1991n baserritarren omenez egin zuen Astelehena jai eskulturarekin partekatuko du espazioa. “Puntu berean mantenduko da, baina ondoan izango du obra berria”, adierazi dute.
Udal arduradunek jakinarazi dutenez, udal aurrekontuan 89.540 euroko diru saila gorde zuen toki administrazioak Andrazko baserritarra sortzeko, eta zehaztu dutenez, datorren urrian aurkeztea espero dute.
Aitorpenak. Gernika-Lumoko kale eta plazek eskultura gehiago dituzte, herriaren memoria historikoan garrantzitsuak izan diren pertsonak omentzeko asmoz. Hain zuzen ere, udalerriko ibilbide artistikoari gehitu zitzaion azken irudikapen figuratiboa Pasealekuan eraikitako gudarien omenezko monumentua da. Horrez gainera, Jose Labauriaren –bonbardaketa garaian alkatea zena– bustoa eta George Sterrena ere daude.
Herriko historiari buruzko pertsona ospetsuei eskainitako eskulturen bilduna Merkurio plazaren inguruan dagoen Iparragirreren irudiarekin eta 2010etik Geltoki aurrean dagoen Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren irudiekin osatzen da.