Andrazko baserritarren oroigarria Pasealekuan jarri beharko litzatekeela uste du Gernika Memoriaren Lekukok
Andrazko baserritarrak omentzeko eskultura egitearekin bat datoz. Hala ere, Merkatu plazan baizik, baserritarren omenezko oroigarri bat Pasealekuan jarri beharko litzatekeela uste dute. Baserritar emakumeen bizi baldintzak duintzeko eskatu dute.
Gernika Memoriaren Lekuko bat dator andrazko baserritarrak omentzeko eskultura egitearen Gernika-Lumoko Udalaren asmoagaz. Hala ere, Merkatu plazan baizik, andrazko baserritarren oroigarri bat Pasealekuan jarri beharko litzatekeela uste dute plataformako kideek.
Horrelako oroigarri bat egitearen aldekoak direla adierazi dute; alde batetik, baserritarrek egin duten eta egiten duten lana goraipatzeko modu bat izan daitekeelako, eta, bestetik, emakumeen lana ikusarazteko. “Baserritarrek egiten duten lana goraipatzeko egokia da eskultura; izan ere, bertoko elikadura, zuzeneko salmenta eta naturaren zikloei loturiko ekoizpen orekatuak ezinbestekoak izan dira atzo, gaur eta bihar. Zer jan, hori izan”, azaldu dute plataformako kideek.
Bestalde, emakumearen lanari eta haiek leku publikoetan duten protagonismoari buruzko hausnarketa egin dute: “Zenbat kale izendegik dituzte emakumeen izenak Gernika-Lumon? Espazio publikoetan zenbat adierazle daude emakumeen ekarpena eta erreferentzia oroitzen dutenak? Ezer ez, edo ia ezer ez. Jendartearen erdia bizitza publikotik desagerrarazten duen oroimen eta aitortza ez da onargarria. Denok badugu zer egin ekinbide horretan”.
Gainera, Gernika Memoriaren Lekukok gogoratu du plataformak aspaldi aldarrikatu duela gaur egungo Pasealekuan –1937an merkatu plaza zena– andrazko baserritarrak oroitzen dituen aitortza eta memoria ikur bat egon beharko litzatekeela, “hori baita gure historia garaikidearekin konektatzeko modu emankorra”. Izan ere, barazkiak eta fruituak merkatura eraman eta saltzen zituzten baserritarrak –nagusiki emakumeak– gaur egungo Pasealekuan zeudela bonbardatu zituen faxismoak: “Merkatu eguna izanda, nahita aukeratu zuten lekua izan zen plaza”.
Gernikako memoriaren pasarte hori “erdiguneak” kokatu beharko litzatekeela adierazi dute plataformakoek: “Gure pasarte horrek zentralitatea eduki beharko luke gaur Gernika-Lumoko espazio publiko nagusienetakoa den Pasealekuan, eta, horrela, baserritarren lana, memoria eta emakumeek transmisioan izandako garrantzia azpimarratuko litzateke”.
Gainera, baserritar emakumeen bizi baldintzak duintzeko eskatu du Gernika Memoriaren Lekukok, “oraindik asko dagoelako egiteko”. “Emakume baserritarrek dituzten beharrei erreparatu beharko geniekeela uste dugu: bizi baldintza duinak bizi modu duina aurrera ateratzeko. Ziur gaude asko dagoela egiteko horretan: azpiegitura hobekuntzak, babes soziala, ekoizpen garestitzeak edota lanbidearekiko prestigio soziala. Zaindu ditzagun elikagaiez zaintzen gaituztenak”, argudiatu dute.