Busturialdea AEk etxekoen aurrean lehiatu du
Elantxobek KAE1 ligako laugarren jardunaldiko estropada hartu du. Bertan, hamabigarren izan da Busturialdea arraun elkartea. Sailkapen orokorrean, postu berberean kokatuta dago, zazpi puntugaz.
Elantxobek KAE1 ligako erronkagaz jarraitzen du, eta hirugarren nahiz laugarren estropadak lehiatu ditu joan den asteburuan. Lehiaketaz jositako asteburua izan da Mundakako eta Elantxobeko Arraun Elkarteek osatutako taldearentzat; izan ere, zita bikoitza izan dute. Zapatuan, Kantabria aldean izan ziren: Castro Urdialesen. Estropada horretan, hamargarren sailkatu zen Busturialdea, 21.54,43ko denbora eginda. Garaipena, aldiz, Sanpedrotarrak eskuratu zuen; Zarautz Gesalaga Okelan eta Arkote Seguros Bilbao taldeak sailkatu ziren ostean.
Lehendabiziko hiruren denborak, hurrenez hurren, ondorengoak izan ziren: 21.05,41 Sanpedrotarrak; 21.15,03 Zarautz Gesalaga Okelanek; 21.24,19 Arkote Seguros Bilbaok. Horrenbestez, Busturialdeak KAE1eko sailkapeneko hamabigarren postuan amaitu zuen zapatuko jardunaldia, zazpi puntugaz.
Etxeko estropada. Domekan, ostera, ligako laugarren jardunaldian lehiatu zuten Busturialdeko arraunlariek. Etxeko bandera izan zen jokoan, Elantxoben. Egun berezia izan zen bai arraun elkartearentzat, bai herri osoarentzat, sanpedroetako jai giroan murgilduta egin baitzuten estropada. Elantxoben, Zarautz Gesalaga Okelan nagusitu zen, Sanpedrotarraren eta Delteco Zumaiaren aurretik. Etxeko trainerua lehen txandan lehiatu zen, eta 22.26,13ko denbora behar izan zuen estropada osatzeko, puntu bakarra lortuz eta hamabigarren bukatuz,.
Irabazleak, ostera, 21.37,27an gelditu zuen erlojua. Sanpedrotarrak eta Delteco Zumaiak, aldiz, 21.38,60koa eta 21.45,48koa, hurrenez hurren. KAE1eko sailkapen orokorrean, Sanpedrotarra dago lidertzan, berrogeita bost puntugaz; Zarautz Gesalaga Okelan da bigarren sailkatua, berrogeigaz; hirugarrenak, Arkote Seguros Bilbaok, berriz, hogeita hemeretzi ditu. Busturialdea taulako hamabigarrena da, zazpi puntugaz.