Bingen Arostegik zuzenduko du Bilbao Athletic
Bermeoko teknikaria Bilboko taldera bueltatuko da denboraldi honetan, eta Athleticen bigarren taldea zuzentzeaz arduratuko da.
Bingen Arostegi izango da Bilbao Athleticen entrenatzaile berria datorren denboraldian. Bermeoko prestatzailea Lezamara itzuliko da, 2020ko otsailaz geroztik Kuko Zigandaren bigarren entrenaitzaile modura Oviedon lan egin eta gero.
Arostegik Jon Solaun izango du entrenatzaile laguntzaile, iazko Ohorezko Gazte Mailako teknikaria izan zena, eta, Iban Urkiza izango da prestatzaile fisikoa, Bilbon Zigandaren laguntzailea izandakoa. Athleticek jakinarazi duenez, Dani Aranzubiak atezainen entrenatzaile gisa eta Pau Suazo analistak osatuko dute Arostegiren lan taldea.
Arostegik ibilbide luzea du Lezaman. Ohorezko Gazte Mailako entrenatzailea izan zen (2007-2012) eta 2009-2010 denboraldian Kopako titulua irabazi zuen. 2014-2015 denboraldian, berriz, Kadeteen B taldea zuzendu zuen, eta urtebete geroago, Joseba Agirrerekin batera, emakumezkoen lehen taldearen bigarren entrenatzaile modura lan egin zuen; denboraldi horretan, klubaren Ligako azken titulua lortu zuten “maila bikaina” erakutsiz.
2016-2017an, Zigandaren bigarren entrenatzailea izan zen Bilbao Athleticen, eta Zigandagaz eta Urkizagaz batera, gizonezkoen lehen taldera igo zen 2017-2018 denboraldian. Athletic Clubetik irten eta gero, Real Oviedon elkarregaz lan egin dute orain arte.