Urdaibaiko Guggenheim, "proiektu pirata"
Proiektuak gutxienez sei lege urratzen dituela eta ez dituela Biosfera erreserba bateko obren baldintzak betetzen azaldu dute Urdaibaietz plataformako kideek.
Urdaibaiko Guggenheim proiektua “proiektu pirata bat” dela adierazi zuten domekan goizean Muruetako Telleria aurrean, Urdaibaietz plataformak Urdaibai 0-2 Guggenheim lelopean antolatutako elkarretaratzean. Bandera beltz bat kokatu zuten Telleria ondoko dorre batean, oraintsu Ekologistak Martxan erakundeak egindako bandera banaketa gogora ekarrita – Bizkaiko Foru Aldundiari kudeaketa txarraren bandera beltza eman zioten, Gernika-Lumon eta Muruetan Guggenheim 2,3 bat sortzeko proiektuagatik.
Mobilizazioaren helburua zen proiektuaren aurkako kanpainari hasiera ofiziala ematea eta kanpainaren oinarriak finkatzea.
Plataformak Guggenheimeko proiektua salatzeko arrazoi nagusia da agintariek ez dutela zonaldea “Biosfera Erreserbatzat hartzen”. Azaldu dutenez, biosfera erreserba diren tokietan ezin dira zonaldea arriskuan jartzen duten proiektuak egin, eta, beraien esanetan, egungo proiektuak lurraldearen egitura erabat aldatuko du, “horrek edukiko dituen ondorioekin”. Adibidetzat jarri zuten Muruetako Telleria eta erreka hegaleko paseoa amaitzen den tokia batuko dituen 5 metroko zabalera izango duen egurrezko plataforma.
2017. urtean EH Bilduk eta Podemos Ahal Duguk Eusko Legebiltzarrean proiektua eteteko egin zuten eskaera gogora ekarri zuten domekako protestan. «Proiektuak gutxienez dozena erdi lege urratzen ditu, eta ez dira Biosferako Erreserba bateko obren baldintzak betetzen», salatu zuten.
Eskualdeko herritarren erabakiak kontuan hartzeko eskaria ere egin zuten: “Aurrera egiteko hiritargoak parte izan behar du erabakietan. Hiritarrok non bizi garen, zein kultura balio dauzkagun, gure bizimodua zelan eta nora bideratu nahi dugun, horiekiko guztiekiko atxikimendua sutatu beharra daukagu. Berretsi egiten dugu denon interesen alde eta bereziki Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren garapen harmoniatsuaren alde jardungo dugula”.
Etxekoak galtzaile.Urdaibai 0-2 Guggenheim mezua irakurri zitekeen protestan. Mezuaren helburua zein den azaldu zuen Edorta Jimenezek: “Ulertzeko erraza den mezu bat bidali nahi genuen. Ikusi eta jarraian ulertu daitekeena. 0-2, futbol partida bateko emaitza izango balitz bezala planteatu dugu. Etxekoak galtzaile, oraingoan ere. Guggenheim bi jartzen baldin badira, Urdaibaik galduko duela azaldu nahi dugu, eta horren aurka gure eskuetan dagoena egin behar dugu”.
Elkarretaratzea amaitu zutenean, zerbitzu publikoen pribatutasun prozesuari buruz eztabaidatu zuten: “Egoera lotsagarria ari gara bizitzen”.