Udako Liburutegia martxan dago, irakurzaletasuna sustatzeko
Bermeoko Udalak liburu eta aldizkariz betetako etxola bat kokatu du Burujabetasun zelaian, lehenengoz.
Uztailaren 29ra bitartean, Burujabetasun zelaian egongo da Udako Liburutegia. Lehenengo aldiz antolatu du ekimena Bermeoko Udalak, irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz; beraz, Burujabetasun zelaian bertan liburuz eta aldizkariz betetako etxola bat kokatu du, eta gune horretatik maileguan hartu ahal izango dira liburu zein aldizkariak.
Liburutegia goizez zein arratsaldez egongo da irekita: 11:00etatik 14:30erako ordutegian, goizez, eta, 15:30etik 19:00ak artekoan, arratsaldez.
“Gure helburua da jendeak udako egunak irakurtzeko ere erabiltzea. Hondartza edo zelaia bera toki paregabeak dira irakurtzeko eta uste dugu lehen aldiz martxan jarri dugun ekimen honek oso harrera ona izango duela”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak.
Edozeinek gozatu ahalko du liburutegiko materialaz. Liburutegiko bazkide ez denak ere bertan bazkide egiteko aukera izango duela jakinarazi dute arduradunek: Beharrezko paperak bete, liburutegira eraman eta zerbitzua erabili ahalko dute.
Helduentzako zein gazteentzako materiala dakgo Udako Liburutegian. Izan ere, proiektuaren helburua da, “irakurzaletasuna adin guztietan sustatzea”.