Piperrak izango dira protagonistak bigarren Azoka Berezian
Biharkoa denboraldi honetako bigarren Azoka Berezia da, eta oraingoan, Gernikako piperrak izango dira protagonista nagusiak.
Uztaileko lehenengo zapatua da bihar eta, hortaz, Azoka Bereziaren txanda izango da. Biharkoa denboraldi honetako bigarren Azoka Berezia da, eta oraingoan, Gernikako piperrak izango dira protagonista nagusiak.
Azoka Berezia, ohi legez, Gernika-Lumoko Merkatu Plazan izango da, eta 09:00etatik aurrera bilduko dira han baserritarrak. Gernikako piperrak eskainiko dituzten sei salmahai egongo dira. Gernika-Lumo, Muxika, Ajangiz, Kortezubi eta Arratzutik bertaratutako baserritarren piperrak egongo dira aukeran, hain zuzen. Gernikako piperrak ikusi, erosi eta dastatzeko aukera egongo dela azaldu dute antolatzaileek.
Protagonista nagusiak Gernikako piperrak izango badira ere, beste hainbat elikagai ere egongo dira: ardoa, gazta, ogia eta euskal pastela, patea, gildak eta txakolina.
Baserritarrak eta artisauak
Zapatuetan, ohikoa den bezala, eskualdeko baserritarrak ere Merkatu Plazan egongo dira, eta hurreratzen direnen eskura jarriko dituzte era guztietako fruta eta barazkiak. Eta zelan ez, artisauek ere euren eskaintzak jarriko dituzte salmahaietan.
Azoka berezien helburua da euskal produktuei balioa ematea, eta abendura bitartean, hileko lehenengo zapatuetan egingo dira.