Gaztedi Busturialdea proiektuaren hitzarmena berretsi dute hainbat udalek eta aldundiak
Hitzarmen honi esker, 2022an eta 2023an hainbat tokiko plan eta ekintza aurrera eraman ahal izango dira.
Busturialdeko hainbat udalek Gaztedi Busturialdea proiektua garatzeko eta gauzatzeko hitzarmena sinatu dute Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, gaur, Bermeon.
Hitzarmenaren helburua da “lankidetzarako esparrua” lortzea, Busturialdeko udalerrietan gazteriaren arloko politika integrala ezartzeko, sustatzeko eta garatzeko. Horretarako, gazteriaren arloko Bizkaia Gazteak estrategiarekin bat etorriko direla zehaztu dute.
Hain zuzen ere, adierazi dute gazteak “ikuspegi zabal eta integratzaile batekin babestu eta lagunduko” dituen ekintzak sortzeko elkarlanean ari direla udalak eta aldundia. Izan ere, gazteentzako enplegua, ekintzailetza, prestakuntza eta parte hartzea bultzatzea dira erakunde arteko jarduera sorta honen helburu nagusiak.
Helburu horiek aurrera eramateko, 222.860 euroko aurrekontua izango du Gaztedi Busturialdea proiektuak datozen bi urteetarako. Aldundiak aurrekontuaren % 70a hartuko du beregain, eta gainontzeko % 30a eskualdeko hamazortzi udalerriek bereganatuko dute. Hitzarmena sinatu duten udalerriak dira hauek: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta.
“Gizarteria eta gazteria eraldatzen dituen hitzarmen bat da gaur aurkezten duguna. Gazteak oraina eta etorkizuna dira, eta behar dituzten tresnak eskaini behar dizkiegu. Gazteen beharrizanak zeintzuk diren identifikatu behar ditugu, eta horiei aurre egiteko aukerak eskaini behar ditugu”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak hitzaremenaren aurkezpen ekitaldian.
Bere aldetik, gazteak “aktibatzen” dituen hitzarmena dela azaldu du Maitane Leizaola aldundiko ordezkariak: “Horrez gain, erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana azpimarratu nahi dut. Izan ere, bi erakundeem arteko elkarlanaz baliatuko dira gazteak, eta bultzatu behar den harremana dela uste dut”.
Proiektuak 2012an du hasiera, orduan hasi baitzen Urremendi gazteria zerbitzua lantzen, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Urte hauetan zehar hainbat aurrerapausu eman ditu, eta eskualdean “finkatu den proiektu bat” dela adierazi du Ager Lejarreta elkarteko lehendakariak eta Ereñoko zinegotziak. Dioenez, herri txikientzako “izugarrizko garrantzia” duen hitzarmena da sinatutakoa. Gazteei aukera errealak eskaintzeko helburua daukala gaineratu du, eta lehen mundura hurbiltzeko laguntzak esakiniko dituztela ere aitortu du.
Emantzipazioa: enplegua eta ekintzailetza.
Hitzarmenak jasotzen du lehengo etapa batean enpleguarekin eta ekintzailetzarekin harreman estua duten honako gaiak garatuko direla: Busturialdeko Ideia Lehiaketa izango da antolatuko duten lehenengo ekimena, eta Gaztedi Busturialdea Bekak eta gazteek enpresak sortzeko diru laguntzak banatuko dituzte, gero.
Lehiaketak azken urteetan izan duen harrera ona ikusita, berriro antolatzea erabaki dute. 3000 eta 2000 euroko sari nagusiak banatzeaz gain, 1000 euroko bi aipamen ere banatuko dira aurtongo leihaketan. Beste alde batetik, Gaztedi Busturialdea Bekak banatuko dituzte: enpresa eta gazte askok izena ematen duten proiektua da, eta 2022an sei beka ematea aurreikusten dute. Praktikaldirako bekak dira horiek, eta epe hori bukatzean lanean gelditzeko aukera eskaintzen dute. Busturialdean gazte enpresak sortzeko eta sendotzeko diru laguntzak, berriz, lehenengoz banatuko dira aurten, eta uztailaren 15era arteko epea dago eskaerak egiteko.
Emantzipazioa: hezkuntza eta prestakuntza.
Urremendik hezkuntza arloa ere landu gura duela adierazi du gaur, eta hori, hiru ataletan banatuta egingo dutela adierazi du.
Surf formakuntza batekin hasiko dira hezkuntza arloa lantzen. Adierazi dutenez, surfa kirol olinpokoa bilakatu da, eta, ondorioz, entrenatzaileek titulua beharko dute surf klaseak emateko. Hala, irailetik aurrera emango dira saio horiek eta 20 gazteri zuzendutakoak izango dira.
Beste alde batetik turismo aktiboko jardueretarako prestakuntza ere eskainiko dute, baita ikasle eta gurasoentzako ikasketak hautatzeko orientazio eta ahokularitza zerbitzua ere: “DBHko 4. mailako ikasleei beraien etorkizuneko ikasketak aukeratzen laguntzeko formakuntza bat izango da”.
Urremendik antolatuko dituen jarduera guztiak www.gaztedibusturia.eus webgunera igoko ditu. Beraz, webgunera adi egoteko eskatu dute elkartekoek.