Alkartasunakoak berpiztuta datoz biharko emanaldira
Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariak, gainera, ez dira bakarrik egongo agertokian, Bermeoko Erraldoien Konpartsa eta Bermeoko Abesbatza ere lagun izango baitituzte.
Alkartasuna Dantza Taldearen urteko datarik garrantzitsuenetako bat iritsi da, hain zuzen ere, dantzari nagusienen urteko dantza erakustaldiaren txanda da bihar. Azaldu dutenez, 21:00etan hasiko da ikuskizuna Artza frontoian, eta doan gozatu ahalko da Berpiztu izena jarri dioten emanaldiagaz.
“Garai ilunetatik gatoz, baina oraindik ere berton gaude, eta gorantz joan behar gara. Kulturak bizirauteko beharra dauka, horregatik jarri diogu emaldiari Berpiztu izena. Lo egon gara, baina izartu beharra daukagu, indarrak hartuta eta lehen baino hobeto egonda”, diote dantza taldeko ordezkariek.
Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariak, gainera, ez dira bakarrik egongo agertokian, Bermeoko Erraldoien Konpartsa eta Bermeoko Abesbatza ere lagun izango baitituzte.
Dantza Taldekoek azaldu dutenez, iaz grabatu zuten dokumentalari keinu bat ere egingo diote, horretan agertzen diren zati batzuk erakutsita.
Dantza ugari
Frontoira doazenek mota askotako dantzak ikusteko aukera edukiko dute. “Dantza serioagoetatik hasiko gara, Agurra edo Soka dantza, esaterako; eta gero, jai giroko erromerietara salto egingo dugu. Lapurdiko jotak ere erakutsiko ditugu”, azaldu dute.
Urteko dantza ikuskizunak mereziko duela eta, herritar guztiak gonbidatu dituzte Artza frontoira bertaratzera.