Udarako turismo eskaintza aurkeztu du Bermeoko Udalak
Ekintza guztiak azaltzen dituen informazio liburuxka bat atera du udalak. Turismo Bulegoan egongo da eskuragarri.
“Bizi Bermeo 2022” izenpean aurkeztu du uda honetarako prestatu duen turismo eskaintza Bermeoko Udalak. Hainbat ekimen desberdin antolatu dituzte eskaintza honen baitan.
“Bermeok aukera polit eta oso ezberdinak aurkeztuko dizkio bisitariari uda honetan. Herrian bada asko ezagutzeko! Gaur aurkezten dugun eskaintza oso zabala da eta adin guztietara bideratutakoa. Balioan jarri nahiko nuke harreman publiko-pribatua. Izan ere, eskutik aurkezten dugun eskaintza da gaurkoa. Uste dut oso garrantzitsua dela administrazioa enpresa pribatuekin elkarlanean aritzea, ahalik eta eskaintza hoberena lortzeko. Eskerrak eman nahiko nizkieke Udalarekin batera hau guztia posible egin duten pertsona eta enpresei. Beraien lanik gabe ezinezkoa izango litzateke hau guztia lortzea”, adierazi du Bermeoko Turismo zinegotzi Kepa Zumetak.
Antolatutako ekintzak dira: Arrain kontserba lantegia ezagutzea; Bermeo Tuna Tasting; Izaro erakusketa eta itsasontzian irteera; Itasoratzen gara: Hegakuze Bermeo Tuna Pintxo Tour; Bermeotarren izaera ulertzen laguntzen duen bisita gidatua; TOPABERMEO Escoae Yinkana; eta Arrantzaleen kofradian bisitak. Ekintza guzti hauek sakonago azaltzen dituen liburuxka bat atera du Bermeoko Udalak. Informazio liburu hori Turismo Bulegoan egongo da eskuragarri.
Aurkezpen ekitaldian izan dira Bermeo Tuna World Capital ordezkari den Leire Egiarte eta Rural Kutxako Nagore Olazarri. Erakunde biek lagundu baitute turismo eskaintza hau aurrera eramaten.