Kirola, aisialdia eta ikasketa, bi gurpilen gainean
Urdaibai Txirrindulari Eskolak udako ikastaroa egingo du uztailaren 4tik 21era artean. Natura, kontzientziazioa, taldelana eta segurtasuna izango dituzte ardatz. Aurten, nesken parte hartzea zuztartzen jarraitzea bilatuko dute.
Urdaibai Txirrindulari Eskolak udako ikastaroen III. aldia egingo du; uztailaren 4a eta 21a bitarte, 2005 eta 2014 urteen artean jaiotako ume nahiz gazteek txirrindularitzaz, naturaz eta taldelanaz gozatzeko aukera paregabea izango dute uda honetan. Txirrindulariek astean hiru egunez izango dituzte ikastaroak: astelehenetan, martitzenetan eta eguenetan. Saioak 10:00etatik 13:00etara artean egingo dituzte. Izena emateko, urdaibaitx@gmail.com helbide elektronikora idatzi edota 600860599 telefono zenbakira deitu beharko dute. Apuntatzeko, Urdaibai Txirrindulari Eskolako bazkide egin beharra dago, urteko hamar euroko kuota ordainduz; horrez gain, udako hiru asteko ikastaroaren prezioa 95 eurokoa da.
Uztailaren 4tik 21era artean egingo dute udako ikastaroa.
Urdaibai Txirrindulari Eskolako arduradunek azaldu dutenaren arabera, udako ikastaroak urte osoko programaziotik “esanguratsuenak” izan dira azken urteotan, eta joandako edizioetako “dinamika bikainei jarraipena” eman gura diete. “Urtean zehar egiten diren gainontzeko ekimenekin alderatuta, jende gehien elkartzen duen egitasmoa da udakoa, eta ikastaroetako gidariei aukera ederra ematen die ume zein gazteekin ibilbide luzexegagoak egiteko, lasaiago behar egiteko eta, oro har, umeek askatasun handiagoz bizi dute udako ikastaroa”, adierazi dute. Momentuz berrogei lagun inguruk eman dute izena, eta antolatzaileak, gaur-gaurkoz, “oso asebeteta” ageri dira kopuru horregaz.
Antolakuntzatik zehaztu dutenez, “hainbat helburu” dituzte udako ikastaroek: batetik, umeek bizikletagaz dibertitzea bilatzen dute; bestetik, naturaz gozatzea, hura ezagutzea eta, batez ere, ingurugiroarekiko kontzientziazioa piztea; horiez gain, haurren autonomian eragitea ere jomuga dute. “Urtean zehar aste bitartean nahiz asteburuetan egindako irteeretan konturatu gara umeak oso autonomoak direla bizikletan dabiltzanean; gidaria iritsi ezin den uneetan, eurak beren kabuz eta elkarlanean antolatzen dira, modu oso independentean jokatuz”, azaldu dute. Halaber, herri edota hiri barruan bizikletan ibiltzen ere ikasiko dute, trafikoagaz beraien “abilezia, segurtasun neurriak, materialaren kudeaketa eta errepideko errespetua” landuz.
Besteak beste, herri edota hiri barruan bizikletan ibiltzen ere ikasiko dute haurrek.
Neskei deialdia. Eskolakoek argitu dute aurtengo erronketako bat neska kopurua hauspotzea dela: “Urtean zehar, umeek eta, hain zuzen ere, neskek ez dute hainbeste aukera elkartzeko, beste jarduera batzuk ere badituztelako; udan, baina, nabaritzen dugu neska kopuruak gora egiten duela, eta joera hori indartu gura dugu. Iaz, esate baterako, lau neskako talde bat izan genuen, eta aurten gehiago animatzea espero dugu”. Bost monitore izango dira txirrindulari taldearen ardurapean, uztailean.