Gernikako Ospitaleko hirugarren solairua ohez betetzeko eskatu dute berriro
Gernikako Ospitale aurrean elkartu dira herritarrak, eta, udalerriko ospitalean, "behingoz", ohe guztiak jartzeko eskatu dute.
Gernikako Ospitaleko hirugarren solairua ohez betetzeko eskatu dute, beste behin, herritarrek. Gaur, Oheen Aldeko Plataformak, sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek deituta, ospitale aurrean elkartu dira herritarrak, eta, udalerriko ospitalean, “behingoz”, ohe guztiak jartzeko eskatu dute.
Hori da, hain zuzen ere, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari eta Jon Guajardo Barrualde ESIko kudeatzaileari ohar bidez eskatu diotena. Izan ere, abenduan 10 urte beteko dira zentroa martxan jarri zutenetik, eta ospitalearen proiektuaren hasierako 72 ohe horiek oraindik ez daudela salatu dute: “10 urte daramatza zentro honek lanean, oso bide luzea izan da, oso gorabeheratsua, oraindik amaitu gabea, baina hasierako proiektuan zeuden 72 oheak ez daude erabilgarri”.
Hala ere, Gernika Ospitalea – UGI Gernika 2022-2023 proiektua ezagutu duela aitortu dute gaur, eta proiektuagaz “pozik” agertu dira. Izan ere, beste hainbat proposamenez gain, azpiakutuen ospitaleratzea –paziente kronikoak eta aringarri ez onkologikoak– baloratzeko eta xede populazioarentzat behar den ohe kopurua kalkulatzeko azterlan bat egitea jasotzen da, Gernika, Gernikaldea eta Lekeitioko oinarrizko osasun guneei dagozkienak. “Gure ustez, albiste bikaina da. Azterketa oraindik egiten ari diren arren, uste dugu zentro honetako hirugarren solairuan hain beharrezkoak diren ohe horiekin lan egiteko unea dela. Oheak jartzeak osasun arazoak dituzten pazienteei horrenbeste joan-etorri ez egitea eragingo die”, adierazi dute sindikatu, gizarte eragile eta Oheen Aldeko Plataformako kideek.
Aitortu dute “erabat” babesten dutela ekimen hori, eta, jakinarazi dute, gauzatzen ari diren azterlana amaitzen dutenean, emaitza horietan jasotakoak kontutan hartzeko eta konponbideak hartzeko eskatuko dietela Osakidetzako arduradunei.
Agintari arduradun horiei eskatu diete “behin betiko” apustua egiteko eta ospitaleko hirugarren solairua ohez betetzeko, “ospitalea behar bezala hornitzeko”.
Uda ostean mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dute gaurko elkarretaratzean, eta, bitartean, elkarteen, eragileen, udalen edota norbanakoen babasa lortzen saiatuko direla.