Gentzane Aspiazuren kartelak iragarriko ditu Gernikako jai nagusiak
Gernikarrak kalejiran aurkeztu gura izan ditu artistiak, pregoiaren osteko jaitsieran oinarrituta.
Abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatu ohi dira Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaiak, eta horiek iragartzeko kartel lehiaketa jarri zuen martxan udalak. Aurten, herritarrek zein elkarteek egindako hamabost lan aurkeztu dituzte guztira, eta, horien artean, epaimahaikideek, Gentzane Aspiazuren Jaixen ordue izeneko lana hautatu dute kartel irabazletzat.
Hala, diseinatzaile grafiko gernikarraren kartela izango da aurtengo jai nagusiak iragarriko dituena. Herriko jai nagusien funtsa jasotzen duen kartela izan da garailea.
Gernikarrak kalejiran aurkeztu gura izan ditu artistak, pregoiaren osteko jaitsieran oinarrituta. “Jaiak kalejiran hasten dira, pregoia jaurti eta jarraian, eta hori da islatu gura izan dudana”, adierazi du artistak. Herritarren atzean, gainera, udaletxearen eraikinean dagoen erlojua kokatu du, zortzietako orduarekin, “jaiak hastera doazela adierazteko”.
Kalitate, teknika eta ezaugarri aldetik deigarriena ian den kartela hautatu dute jai batzordekoek, eta lehiaketara aurkeztutako 15 proposamenetatik irabazleak adierazten duen poza eta kolorea nabarmendu du epaimahaiak.
Aurkeztutako beste lan guztiak Elai-Alai areto txikian daude ikusgai.