Entzun dira Astra Iluntzeetako lehen doinuak
Lorea Zulaikak abestu zituen aurtengo udako iluntzeetako lehen doinuak. Kontzertu goxo eta lasaia eskaini zuen, entzuleak harrapatu zituena, Astra barruan.
Bueltan daude Astra Iluntzeak. Atzoko iluntzea berezia izan zen kulturarako fabrika sozialean, Lorea Zulaikak bertan abestu zituen-eta aurtengo udako iluntzeetako lehen doinuak. Kontzertu goxo eta lasaia eskaini zuen, entzuleak harrapatu zituena. Astra barruan elkartu ziren musikari eta ikusleak, “eguraldiak hala behartuta”.
Elkarlana eta auzolana bultzatuz, herriko eragile desberdinek antolatutako ikuskizun desberdinekin gozatzeko aukera dute herritarrek eguazten iluntzeetan. Aurtengo kartela hamabost eragileren artean osatu dute, eta Mobidu, Ernai eta Busturialdeko Neska Gaztiek antolatutakoa izan zen atzokoa.
Berritasun bat dakarte aurtengo iluntzeek, ekimenaren kokapena trenbidetik Astrako aparkalekuaren ingurura lekualdatu dutelako. Atzokoan, euriaren eraginez, barruan izan zen emanaldia, baina hurrengoak kanpoan eskaintzea espero dute antolatzaileek.
Jonan Erreape izango da uztailaren 6a musikatzeaz arduratuko dena, eta hilaren 27ra bitartean, musikarik ez da faltako eguaztenetan Astran.
Egitaraua.
Uztailak 6. Jonan Erreape. Antolatzaileak: Itaia, GKS, IA.
Uztailak 13. Entzu ta Otsoa. Antolatzaileak: Metal Fabrika, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Sare Feminista
Uztailak 20. Reggae gaua. Antolatzaileak: Rudelari, Swing, Egurre, Astratxiki
Uztailak 27. Bertso saioa: Jone Uria, Igor Elortza, Ibai Amillategi eta Beñat Bilbao. Antolatzailea: Lilibertso eta Sare.