Busturialdea Gure Eskuk bidalitako erronkara gehitu da
"Pirinioetako Bidea" erronkari aurre egingo dio asteburu honetan Gure Eskuk. Busturialdetik 204 lagun joango dira Pirinioetara, eta katalanekin batera Ozeano Atlantikotik Mediterraneo Itsasora, Higer lurmuturretik Creusera, argiztatuko dute mendilerroa".
Uztailaren 2an Pirinioak argiztatuko dituzte elkarlanean euskaldunek eta kataluniarrek. Busturialdetik, momentuz, 204 lagunek eman dute izena erronkarako, eta Pirinioetako lau tontor argiztatuko dituzte. Eskualdetik autobus bakarra antolatu da, izan ere, izena eman duten gehienek Nafarroan pasatuko dute asteburua.
Autobusa 12:30ean irtengo da Bermeotik , eta 13:00etan batuko ditu gainontzekoak Gernikako Saraspe geralekuan. Belaguako Aterpetxera 18:15ak inguruan iristea espero dute, eta kotxez joandakoekin 18:30ean batuko dira aterpetxean bertan. Autobusa 06:00ak aldera iritsiko da berriz ere Busturialdera. Pirinioetako Bidea deitu duten mobilizazio hori honako erakundeek antolatu dute: ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Eskuk. Euskal Herriko eta Kataluniako erakunde sozialek elkarlanean antolatzen duten lehen mobilizazioa izango da asteburukoa.
Mobilizazioaren helburua da erabakitzeko eskubidearen eta autoderteminazioaren alde egitea. Herrien autodeterminazioren aldeko ekimen bateratua izateaz gain, Frantziar eta Espainiar estatuei zein Europako herrialdei erreferendum legalak eskatzeko mobilizazioa ere bada. Busturialdekoek argiztatuko dituzten tontorrak Arlas, Murlong, San Martin Harriaeta Erraitze lepotik Lakorako bidea dira. 19:00ak aldera mugituko dira tontorretarantz, eta pertsona kopuru desberdina joango da tontor bakoitzera.
Gure Eskuk hainbat aholku bidali dizkie mobilizaziora animatu direnei, hala nola, tontor bakoitzean Gure Esku edo mendi talderen bateko arduradun bat egotea eta bere aginduak jarraitzea. Normalean, bi egongo dira ibilbidean zehar: bat aurretik joango da eta bestea atzetik. Bukatzeko, mendian ezer ez botatzea eskatu dute. Hondakinak aldean gorde beharko dira. Eraman beharreko ekipamenduari dagokionez, hauek dira Gure Eskukoek adierazitakoa: “Kontuan izan behar da mendi irteera Pirinioetan eta 2000 metro inguruko altueran izango dela, eta joan-etorriak egunez zein gauez egingo direla”. Hori dela eta, eskatu dute oinetako eta arropa egokiak eramatea; mendirako makilak eta nahikoa janari eta ur izatea; frontala edo linterna eroatea; ahal izanez gero, irteera osterako aldatzeko oinetako eta arropak eramatea; eta ikurrinak edota Gure Eskuren banderagaz joatea
Pirinioetara ez doazenentzako. Pirinioetara ez doazenek edo joan ezin direnek ere lagundu ahal izango dute ekimen horretan. Izan ere, Gure Eskuk Busturialdeko hainbat herri argiztatzeko deia egin du. Hona hemen argiztatuko diren herrien zerrenda eta ordutegia.
Egitaraua. Bihar, zapatua.
Bermeo. 22:30ean kalejira egingo da portutik. Bertatik olatu hormara joango dira, eta linternekin argiztatuko dute.
Ea. 20:00etan kalejira bat egingo da Aritzaraino. Trikitixak eta txistulariek girotuko dute. 21:00etan merienda antolatu dute Aritzan. Nagusientzat tortilla egongo da, eta txikinenentzat txokolatea. 22:00etan herriko argiak itzaliko dira, eta jendearen linternak piztuz Txoria Txori abestuko da. Argazki erraldoi bat ere aterako da.
Elantxobe. Elantxobeko Udalak eta Atxurkulu Mendi Klubak elkarlanean portuko moila argiztatzeko erabaki hartu dute. 22:30ean deitu dituzte herritarrak.
Mundaka. Mundakaren kasuan, Talako ikurrina azpian egin da deia, 22:30erako. Linterna, argia edo frontala eramatea eskatu dute.
Nabarniz. 21:30ean argiztatuko dute Nabarnizko Plaza. Hurbilduko direnek linternak edo mugikorrak eramatea eskatu dute.