Bermeoko EH Bilduk adierazi du "jarrera eraikitzaileagaz" jarraituko duela
Atzo arratsaldean eskainitako prentsaurrekoan udal gobernuaren erabakietako batzuk salatu zituzten, eta horren aurrean EH Bilduk eskaintzen dituen irtenbideak aurkeztu zituzten.
Urte bat geratzen da udal gobernuaren agintaldia amaitzeko, eta EH Bilduk atzoko prentsaurrekoan esan modura, “jarrera eraikitzaileagaz” lan egiten jarraituko dute; euren helburua da “herriaren alde elkarlanean eta era parte hartzailean lan egitea”.
Gaur egun, Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) udal gobernuak elkarlanerako “borondate eskasa” agertzen duela salatu zuten, eta beraien proposamen gehienak “baztertu eta gutxiesten” dituztela gogoratu zuten.
EAJk propagandarako duen “ahalmen handia” azpimarratu zuten koalizioko kideek, udal gobernuak aurrekontuetan propagandarako “diru “pila bat bideratzen duela gaineratuz: “Diru hori komunikazio enpresak kontratatzeko eta komunikabideetan posizionamendu ona izateko erabiltzen da. Udal gobernu honek ez dauka plangintzarik, sare sozialek agintzen dute. Han agertzen diren kexak dute lehentasuna. Propaganda hutsa dira! Holan dabilen udal gobernua ez da fidagarria”.
Udaletxea ere izan zuten gogoan, eta horren aurrean egin zuten prentsaurrekoa, gainera. Gogora ekarri zuten, udaletxea kanpoaldetik zainduta egon arren, barrualdea hutsik dagoela.
Udal gobernuaren lanarekiko dituzten hainbat ezinegon adierazi zituzten prentsaurrekoan. EH Bilduri gehien larritzen diona da, herritarren “parte hartze eskasa”: “EAJk ez du herritarren parte hartzea bultzatzen. Guk parte hartzean sinesten dugu eta lan handia badaukagu ere, herritarrak erabaki guztien parte izateko lan egin behar dugu. Horretarako parte hartzearen ordenantza bat egiteko eskatu dugu, eta baita egiten diren ekintza, obra eta planen benetako parte hartze prozesuak martxan jartzea ere. Herri honetako parte hartze kultura krisi sakonean dagoela esan beharra daukagu. Bermeo bezalako herri bat bizia, konprometitua eta parte hartzailea izan beharko litzatke. Baina udala eredu izan behar da parte hartze demokratikoaren kulturan”.
Aipatu dute parte hartzearen arazoari irtenbide bat bilatu asmoz, EH Bilduk Entzun, pentsa, esan eta egin lemapean prozesu bi jarri dituela martxan. Lehena, herriko kirol eta kultur taldeekin harremanetan jartzea da, hauen eskaerak jasotzeko asmoz. Bigarrena, estrategia lan taldeekin elkarlanean aritzea izango da.
Berdintasun arloa ere aipatu zuten, arlo horretan izan den “atzerakada” nabarmenduta. Gogora ekarri dute aurreko agintaldian EH Bilduk eta emakume elkarteek bultzatuta, teknikari bat jarri zela, eta berdintasun plan bat ere jarri zela abian. “Udal gobernu honek teknikaria kendu zuen”, diote.
Beste hainbat gairekin ere desadostasunak agertu zituzten: “EAJk gazteak Alde Zaharrera bizitzen joateko dirulaguntzak kendu ditu; enpresa pribatuetako garbitasuneko emakumeen greba; uraren pribatizazioa, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartuz; Gaztelugatxe aldundiaren eskuetan uztea; edota pisu turistikoak sustatuko dituen enpresari laguntza ekonomikoak eta erraztasunak ematea”.
EH Bilduren proposamenak. EH Bildu oposizioan dagoen arren, bermeotarren beharrizanei erantzuna emateko 100 proposamen baino gehiago aurkeztu dituela aitortu dute: “Gaztelugatxe babesteko proposamena, futbol zelaia eta bertako eragileekin komunikazioa hobetzeko proposamena, baso politika iraunkorra bermatzea, kontsumo arduratsua bultzatzea, indarkeria matxistaren aurka egitea, edota aurrekontu sozialagoak lortzeko proposamenak”. Mozio gehienei EAJk ezetz esan diela esan dute, eta gaineratu dute, onartu direnetako asko ez direla martxan jarri.
Azkenaldian Bermeon aurkezten ari dren obra eta proiektuak “kanpaina estrategia” bat dela salatu dute oposizioko kideek. Eta, agintaldi honetan martxan jarritako proiektu gehienak EH Bilduk hasitakoak direla gogoratu gura izan dute, eta horietako batzuk aipatu dituzte: Tonpoiko paisaiaren proiektua, saihesbidearen sarrera, Iparragirreko gunea, Zarragoitxiko iriste erraztasuna, frontoiaren iriste erraztasuna eta aldagelak, Erreteneko estalitako parkea, Alde Zaharreko orube hutsak…
Sexu askapenaren nazioarteko eguna. Atzo, ekainak 28a, sexu askapenaren nazioarteko eguna izan zen, eta unea baliatu zuten esateko, LGBT+ pertsonen eskubideak politika zehatzetan islatu behar direla, “dagozkien eragileekin elkarlanean”.